2009-2027: ETB1 On (ETB3) Nafarroa guztian behingoz!
Fermin Zabaltza Aleman
Administrazioan Euskaraz Taldea
2026-ko abuztuak 31
2009an, ETBk bere haur-programazio guztia ETB3ra pasatu zuen. Ordutik gaur arte, ETBko euskarazko haur programaziorik gabe egon dira Nafarroako mendialdeko zati handi bat (Baztan, Sakanaren zati bat eta beste hainbat eskualde) eta Pirinio aldea.
2022an, aurrekontu-akordioa sinatu zuten Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk, eta baldintzetako bat zen ETB3 Nafarroa guztira zabaltzea.
Denak ados zeuden: Espainiako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta EH Bildu.
Baina 2024an, Nafarroako Gobernuak konponbide teknikoa aztertu zuen, eta ikusi zuen milioi bat euroko gastua izanen zela, eta, gainera, EITBk iragarri zuen ETB3 kentzeko asmoa zuela. Beraz, inplikatutako guztiek uko egin zioten ETB3 Nafarroa guztian hedatzeari.
Gauzak aldatu egin dira 2026an, ordea.
Azkenik, EITBk ETB3 itxi zuen 2026ko martxoan. Zorionez, mugimendu euskaltzaleak protesta egin zuen euskararen kontrako erabaki horren kontra: 25.000 sinadura bildu zituen horren aurka, Korrikan hainbat protesta-afixa agertu zituzten… Eta, hara non, EITBk, partez, atzera egin zuen.
ETB 1 Onek, ETB3ren ordez jarritako telebistak, haurrentzako edukiak emanen zituen egunean 12 orduz. Handik gutxira, 13 ordu arte handitu zuten haurrentzako ordutegia.
Nahiago genukeen ETB3ri eutsi baliote, baina mugarri handia da.
Beharbada Ramon Labaienen garaitik, EITBk lehenbiziko aldiz egin dio kasu (neurri batean) mugimendu euskaltzaleari. Eskertzekoa, Isabel Octavio, ETBko zuzendari berria. Ea gehiagotan gertatzen den (adibidez, ea behingoan hasten den ETB nazioarteko filmak euskaraz ematen, 2010. urtea arte bezala, eta TVGn, TV3n, À Punten eta IB3n bezala, hauek nazioarteko filmak beren hizkuntzan ematen baitituzte).
Baina astakeria bat zena Euskal Herriko gainerako tokietan (haurren euskarazko telebista kentzea) astakeria da Nafarroako mendialdean eta Pirinio aldean ere: ETB3 (orain, ETB 1 On) behar dugu Nafarroa Garai guztian. Espainiako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta EH Bildu: Ekin lanari, mesedez!
