Jaten ematea ez dela delitua aldarrikatu du Negu Gorriak taldeak San Lorentzo kaleko jaietan
Donostiako Kaleko Afari Solidarioak ekimenari ezarritako debekua salatu eta elkartasuna adierazteko afari herrikoia burutu dute bart gauean Iruñean.
2026-ko abuztuak 11
Negu Gorriak/Derecho a Techo taldeak San Lorentzo kaleko jaietan Iruñean kale egoeran bizi den jendeari jaten eman zien atzo gauean. Ekimen honen bidez Ceutan eta Donostian gertatzen ari dena gogoratu eta salatu nahi izan dute. “Den dena segurtasun-politika eta migratzaileen aurkako politika berberen emaitza da”, aipatzen dute zabaldutako oharrean.
“Kanpoko mugan, Melillakoan, Sanchezen gobernuak beroan itzultzen ditu milaka pertsona. Donostiako barne mugan, Insaustiren gobernuak KASi (Kaleko Afari Solidarioak) kalean jaten ematea debekatu dio aitzakia berberekin: ordena eta segurtasuna. Pobrezia eta migrazioa kriminalizatzen dituen mekanismo beraren parte dira biak. Helburua janaria, atsedena eta tenperatura egokia, Maslowren piramidearen oinarria, nahita ukatzea dela dirudi. Esaldi batean, gizatasuna galtzea eta gatazketarako haztegi bat sortzea bilatzen da”.
Txalotu egin dute Ceutan eta Donostian “jende arrunta” antolatu izana “milaka migratzaileei janaria eta ura eramateko”. Ceutan, Donostian eta Iruñean kalean bizi diren gazte migratzaile berberak direla azpimarratu nahi izan dute. “Langile eta gazteak dira, immigrazio legeek eta inor babesten ez duen Langileen Estatutu batek baztertuak. Kapitalarentzat soberako populazioa. Integraezinak”. Eta kritikatu dute haiekiko egiten den kudeaketa. “Hemen ez dago alde handirik krisiaren kudeaketa progrearen eta fatxaren artean. Formak aldatzen dira, ez mamia: Sanchezen Gobernuak milaka pertsona kanporatu ditu Ceutatik prozesu judizialik gabe; Insausti alkateak, EAJkoak, debekatu egiten du Donostian baliabiderik ez duten pertsonei afariak banatzea, “segurtasun arazoak” argudiatuta (ultraeskuinak kalean banaketa horiek blokeatzeko erabiltzen zuen argudio bera); eta Iruñean, Asironek kalean bizi diren pertsonen makroateratzeak egin ditu, Euskal Herriko lau hiriburuetako gainerako alkateek egin zuten bezala, kolore politikoaz haratago. Iruñean oraingoz ez dute herri jantokiak debekatzeko erabakirik hartu, ezta kalean janaria banatzeko ere -betiere Alde Zaharrean ez bada-, baina Aranzadi parkean lo egiten duten gazteak jazarri dituzte etxetik atera zituztenetik”, salatu dute.

Kalean lo dagoen norbaiti jaten ematea desobedientzia ekintza bihurtzen ari dela ohartarazi dute. “Hori, berez, sintoma bat da. Kolapsoa ez da etorkizun zehaztugabe batean zain izango dugun ekitaldi ikusgarri bat: kolapsoa da jada bizi dugun hau. Izan ere, 200 pertsona daude Iruñean kanpin-dendetan lo egiten — duela hamarkada bat pentsaezina zen hori hemen, eta gutxieneko inbertsio batekin konponduko zen —; izan ere, Ceutan ia 100 pertsona hil ziren egun bakar batean, eta ia 2000 Mediterraneoko hobi komunean 2025 urtean zehar”.
Elkartasun ekimen honetatik adierazi dute lanean jarraituko dutela kalean bizi direnei arreta emanez.
