PSOE: Utzi Lekaroz BHI bakean!

Fermin Zabaltza Aleman

Administrazioan Euskaraz Taldea

2026-ko abuztuak 4

PSOEk berriz egin dio eraso euskarari, Nafarroan. Azken urteetan, Lekarozko Bigarren Hezkuntzako Institutuak lortu zuen euskaraz bizitzea: irakasle guztiek zekiten euskaraz, euskaraz egiten ziren klaustroak, ikasleek euskaraz egiten ahal zieten irakasle guztiei… Baina hori, PSOEri esker, bukatu da.

Institutuan, ikasle gehienak D eredukoak dira, baina badira A ereduko batzuk ere. Orain arte, irakasle batzuek eskola guziak euskaraz ematen zituzten, eta beste batzuek, ordu batzuk euskaraz, eta beste batzuk gaztelaniaz, A ereduan.

Orain, PSOEk erabaki du D ereduko irakasleak tratatu behar direla gaztelaniaz ez balekite bezala, eta lanaldi osoko kontratu batzuk zatitu egin ditu (eta prekario bihurtu): euskarazko orduak D ereduko irakasleek emanen dituzte, eta A eredukoak, berriz, gaztelaniazko zerrendetakoek; hau da, ez dute zertan euskaraz jakin.

Hala, orain zer? Orain arte euskara hutsean ziren harremanak erdaldundu egin behar ditu gobernuak? Klaustroak gaztelaniaz egitera behartuko dituzte?

Nondik heldu da hau dena? Ba VOXen “prioritate nazionalaren” antzeko ideia batetik:

AFAPNA sindikatuak urteak daramatza salatzen “gaztelaniazko lanpostuak kentzen direla, irakaskuntzan, eta, maiz, eskaintzen zaizkiela euskara duen beste erkidego batetik datozen irakasleei” (“AFAPNA acusa a Educación de «hurtar» plazas en castellano”, 2021).

Erkidego askotatik datozen irakasleak ditugu Nafarroa Garaian, baina, nonbait, AFAPNAri ez zaizkio gustatzen erkidego zehatz batetik datozenak bakarrik, eta PSOEk kasu egin die.

“Legeak ez du horretara behartzen, eta orain arte ez da horrela egin” salatu du Baztango hezkuntza komunitateak (“Lekaroz BHI borrokan”).

Bestalde, euskararekin horrela jokatu arren, ez da berdin jokatzen PAIrekin eta gaztelaniarekin. PAIn eta antzeko programa elebidunetan, “lanpostu asko betetzen dira ingelesezko eta gaztelaniazko orduekin, kasu horietan ez dago inongo eragozpenik lanpostu osoak ateratzeko eta hizkuntzak ez bereizteko” (STEILAS, Berrian, 2026-6-14: “Euskarak ezdeus bihurtzen zaitu erdaraz irakasteko?”).

Joan den ekainaren 10ean, Hezkuntzako Mahai Sektoriala bildu zen (“Steilasberri”, 12). Bertan, STEILAS sindikatuak galdetu zuen ea zer arautan zegoen idatzita Lekarozko BHIn jokatzeko modu berri hau. Hezkuntzako zuzendari nagusi Gil Sevillanok aitortu zuen ez zegoela inon idatzita, “sen onari” jarraitzea zela kontua.

Orduan, sindikatuak galdetu zuen ea zergatik ez zen berdin jokatzen ingelesarekin eta gaztelaniarekin, horiekin bai, osatzen baitira lanaldiak (eta ongi iruditzen zaio sindikatuari). Zuzendari nagusiak uko egin zion erantzuteari.

Erabaki euskarafobiko honen kontra daude, STEILASez gain, ELA eta LAB sindikatuak, eta elkarrekin gehiengoa dira Hezkuntzan.

PSOEren euskarafobiaren beste adibide bat besterik ez da. Ikastetxe gehiagori eragiten die, baina Lekarozen egiten zaio kalte ingurune bereziki euskaldun bati, eta bertan egiten ari dira protesta handienak.

Eta bitartean, Txibitek adarra jotzen digu ustezko jarrera euskaltzaleekin, euskara Nafarroako “berezko hizkuntza” dela-eta esanez. Euskararen kontrako erasoei stop!!!

Gehiago