Entzumen eta Hizkuntzako oposizio-prozesuaren inguruko salaketa publikoa

Mikel Beltza Saez, Asier Olabe Letona eta 49 sinadura gehiago

Entzumena eta Hizkuntza espezialitateko oposiziogileak

2026-ko uztailak 26

Ekainaren 22an Entzumen eta Hizkuntzako espezialitateko oposizio-lehiakeraren lehen fasea egin zen, proba teorikoa eta kasu praktikoa barne. Deialdian 7 plaza eskaintzen ziren txanda librean eta plaza bat erreserba-txandan.
Lehen fase horretan 134 hautagaik hartu genuen parte. Proba teorikoa 26 pertsonek baino ez zuten gainditu, hau da, aurkeztutakoen % 19,4k. Proba praktikoa, berriz, 4 hautagaik bakarrik gainditu zuten (% 2,9). Bi proben batez bestekoaren ondorioz, hurrengo fasera 9 pertsona baino ez dira igaro (% 6,72): 8 txanda librean eta 1 erreserba-txandan. Lehiaketaren amaieran, gainera, bi plaza bete gabe geratu dira —plaza guztien % 25a, alegia—, hiru hautagaik ez zutelako prozesua gainditzea lortu.
Datu horiek agerian uzten dute oposizio-lehiaketa honen izaera baztertzailea eta neurrigabea. Gainera, prozesutik kanpo geratu garen 126 irakasleok ez dugu benetako aukerarik izango gure azterketen berrikuspen zorrotz, garden eta bidezko bat jasotzeko.
Emaitza hauek galdera larriak planteatzen dituzte: benetan ondoriozta daiteke Nafarroako Entzumen eta Hizkuntzako espezialista interinoak ez garela gai kalitatezko hezkuntza bermatzeko? Urte luzez ikastetxeetan lanean aritu garen profesionalen esperientzia eta gaitasuna ezin dira modu honetan zalantzan jarri.
Horregatik, egoera honen aurrean isilik ez geratzea ezinbestekoa da. Erosotasun indibidualak albo batera utzi, elkartu, antolatu eta gure eskubideen alde borrokatzea dagokigu. Oposizio bateko emaitza soilik ez dago jokoan; hezkuntza publikoaren kalitatea, irakasleen duintasuna eta hautaketa-sistema bidezko eta gardena izateko beharra jokoan daude.

Gehiago