Sanferminak gozamenez eta segurtasunez disfrutatzeko kanpaina abian jarri dute, eta preserbatiboak banatu eta drogak aztertuko dituzte

Nafarroako Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeak aurkeztu du Sanferminetarako hainbat eragile eta instituzioekin elkarlaguntzarekin prestatu duen Sexu Osasuneko kanpaina. Pertsona guztientzako jai-gune seguruagoak sortzea, gozamena sustatzea, berdintasunezko harreman afektibo sexualak, askotarikoak eta baimenduak bermatzea eta prebentzioa landu nahi dute.

2026-ko uztailak 3

Kanpainaren hamargarren urteurrenen honetan EHGAM, Fenix, Kattalingorri, Sos Arrazakeria, Herri Sanferminak, Plazeratu elkartea eta Bilgune Feminista laguntzarekin eramango dute aurrera. “Izan ere, uste dugu sexu-eskubideen defentsa eta, zehazki, sexu-osasunerako eskubidea lortzea sare-lanaren eta talde-lankidetzaren bidez lortzen ahal den helburua izanen dela”, adierazi dute.

Espazio publikoa berdintasunez eta erasorik gabe okupatzera deitu dute, eta iragarri dutenez doako material prebentiboa emanen dute. “Gaur egun, egoera askotan, indarkeriak begi-bistakoak dira espazio publikoetan eta digitaletan, eta beldur- eta kalteberatasun-egoerak sortzen dituzte zenbait gazterentzat, eta bereziki LGTBIAQ+ kolektiboan, horiek baitira erasoen biktima gehienak”, gogoratu dute.

Gaueko aisialdian eta droga kontsumoan genero-ikuspegia ezartzea funtsezkoa dela azpimarratu dute. “Paradigma teoriko eta praktiko bat da, gure imaginario sozial eta kulturalari buruzko hausnarketa sakona eskatzen duena, eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei, genero-estereotipoei eta desberdintasunei buruzko zenbait ikaskuntza zalantzan jartzeko ariketa konplexua.”

Trans emakumeak ere aipatu nahi izan dituzte, izan ere “diskriminazio ugari jasaten ari dira emakumeen kolektiboaren barruan, eta, horregatik, beharrezkoa da denok berdin zaintzea eta baliozkotzea, eta indarkeriak eta bazterketak sustatzen dituzten mezu diskriminatzaileak elikatzeari uztea”. Pertsona migranteak ere aintzat hartu nahi izan dituzte “laguntza-sare ahulagoak” izan ahal dituztelako.

Drogen kontsumoa eta preserbatiboak

San Fermin jaiak bezalako testuinguru batean, non drogen aisialdiko kontsumoa presente dagoen, “funtsezkoa” jo dute “informazio zorrotza, laguntza eta baliabideak” eskaintzea. Horrekin batera, sexuaren praktikarekin lotutako gaixotasunen gorakadaz ohartarazi dute, eta informazioa helarazteaz gain gazteen artean prebentzio-materiala ematen ari dela ere jakitera eman dute. Horrela, Sanferminetan prebentziorako materiala aurkitu ahal izango da doan hiriko 200 establezimendu ingurun: peñetan, tabernetan eta jai-guneetan.

Uztailaren 4an eta 5ean drogen azterketak eginen dira goizeko 11.00etatik 15.00etara Hiesaren Aurkako Komisioak Karmen kalean duen egoitzan.

Gehiago