Venezuela: hondakinek ez dezatela errealitatea estali
Suntsipenaren irudiek, hildako eta zaurituen kopuruek eta bertakoen testigantzek zuntz sentikorra ukitu eta errukia eragiten dute. Are gehiago hedabide askok modu sentsazionalistan zabaltzen dituztenean, zirrara elikatzea bilatuz.
Iñaki Etaio
Internazionalista
2026-ko uztailak 1
Aldi berean, hedabide eta gobernu batzuetatik hainbat mezu erruz bideratzen dira eta beste batzuk nahita ezkutatu. Alde batetik, Venezuela herrialde atzeratu moduan irudikatzen dute, lurrikararen ondorioei aurre egiteko baliabiderik ez duena. Hondakinen azpian daudenak erreskatatzeko ia bitartekorik ez duen herrialdea, osasun-sistema kolapsatuta eta azpiegitura eta zerbitzu publiko ahulekin, gainezka eginda geratu direnak. Estatu makala, ezgauza. Funtsean, Venezuelako Estatua huts egindako Estatua izango litzateke, AEBko Gobernutik Kubako Estatua irudikatzen duten gisa. Estatu horrek huts egin omen du gobernu chavistak urteetan zehar herrialdea egoera horretara eraman duelako. Hedabide erreakzionario baten “Hugo Chávezen etxebizitza sozialak amildu egiten dira” lerroburua adibide argia da… Jatorri naturaleko tragedia honek ere chavismoa Venezuelako gaitzen sorburu gisa aurkezteko aukera ematen du.
Chavismo ezgai horren aurrean, Estatu “solidario”-en laguntza agertzen da. Altruismoz blai, eskuin eta eskuin muturreko gobernuek, edozein eraldaketa-prozesuren etsai amorratuek, erreskate taldeak eta laguntza humanitarioa bidaltzen dizkiete venezuelarrei; hain zuzen, zigor bikoitza pairatzen omen duten horiei: chavismoarena eta lurrikararena. Txile, Argentina eta El Salvadorreko gobernuak lehen lerroan jarri dira argazkirako. Europar Batasuna ere saiatu da: 5 milioi euro, 2026-27 tarterako Ukrainara bidaliko dituzten 90.000 milioien aurrean… Ezin ziren falta AEBetako “samariOTANoak”, beren “laguntza” marine eta gainerako langile gisa bidalita, horien artean, ziurrenez, laguntza humanitarioz mozorrotutako inteligentzia-agenteak egonda. DEA eta hainbat GKE bide izan ohi dira informazioa eta eragina in situ lortzeko, nahiz eta gaurko Venezuelan haien esku-hartze lotsagabea disimulatzeko beharrik ez izan.
Bestalde, ezkutatzen den errealitatea dago. Egoera tragiko bati erantzuten saiatzen den behetik antolatutako herri baten errealitatea. Historikoki hainbat ezkerreko egituretan antolatutako herri horri chavismoaren etorrerak aukera eta bultzada eman zion, auzoetan, lantokietan, nekazarien komunitateetan eta jatorrizko herrietan antolaketa-sareak ugaritzeko. Antolaketa konplexu horren adierazpen nagusia sistema komunalaren bidez herri-boterearen kontzeptualizazioa eta garapena da. Sistema hori izaten ari da kaltetuei arreta emateko eta bizitza soziala berrantolatzeko euskarrietako bat.
Ezkutatzen den beste errealitatea eraso inperialistarena da, Venezuela gupidagabeki higatzen duena duela bi hamarkada eta erditik, eta, bereziki, Chávez fisikoki hil eta Maduro presidentetzara iritsi zenetik. 2014tik 1.081 neurri hertsatzaile ezarri dituzte, 230.000 milioi dolar baino gehiago galarazi dituztenak eta garapen ekonomiko eta soziala larriki oztopatu dutenak. Ahalik eta kalte handiena egiteko diseinatutako neurriak, krisi ekonomiko, sozial eta humanitarioa sortzeko, gobernua eta proiektu chavista osoa kolapsora eramateko asmoz. Funts horiekin Venezuelak ospitale, anbulantzia, larrialdi zerbitzu, azpiegitura… gehiago eta hobeak izango zituen gaur egun. Venezuelaren aurkako gerra hibridoak beste estrategia makiaveliko bat ere badu: osasuna, eraikuntza, ingeniaritza, sorospen eta beste arloetan kualifikatutako profesionalez herrialdea hustea. Profesional horiek beharrezkoak dira edozein herrialde garatzeko eta ezinbestekoak dira, bereziki, une honetan. Baliabide material eta giza baliabide horiek lurrikararen ondorioak arinduko zituzten neurri handi batean. Hildako, zauritu eta suntsitutakoaren zati bat politika kriminal horri egotzi behar zaio. Batzuek aktiboki bultzatuta, beste batzuek txalotuta, gehienek isilarazita eta urte hauetan zehar gutxi batzuek salatutako politika.
Venezuelak 5.000 milioi dolar baino gehiago ditu atzerrian ibilgetuta, baita 4.000 milioi baino gehiagotan balioztatutako 31 tona urre Ingalaterrako Bankuan. Venezuelako ekonomia itotzen jarraitzen duten bitartean, Estatu eta gobernu kriminalek dohaintza sinbolikoak bidaltzen dituzte beren aurpegi onbera aurkezteko. Urtarrilaren 3az geroztik, gainera, paradoxa are zakarragoa da: inperialismo yankiak egunero petrolio tonak lapurtzen ditu, presidentearen bahiketa eta mehatxu militarra direla medio, herrialde horretara dohain hipokritak bidaltzen dituen bitartean. Beste behin ere, beren bidea egin nahi duten herriak inperialismoak odolustuta. Hori bai, bere eskuzabaltasuna erakusteko, tirita bat eskainiko dio ardi beltzari lepoa moztu ondoren.
Lurrikararen hildakoen kopuruak gehitu behar dira azken hamarkadan isilean hildakoen zerrenda luzean; herria gosez eta gaixotasunez itotzeko politika horren ondorioz beharrezko sendagai eta osasun-arreta ez izateagatik hildakoen zerrendan. Estimazioen arabera, 40.000 eta 100.000 artean dira horrela hildakoak, lurrikarak eragindakoak baino gehiago.
Errealitate hori ezin da hondakinen azpian ezkutatu; ezta dohaintzen azpian ere. Hori da atzo, gaur eta bihar argitara ateratzen jarraitu behar dugun errealitatea. Egunero, lurrak dar-dar egiten duen unetik haratago, hondarren artetik erreskatatu behar dugun errealitatea. Gainerako herriei begira baina begiak eta oinak Euskal Herrian izanda, internazionalismotik aldatzeko borrokatu behar dugun errealitatea.
Gehiago
BDZk ekintza baten bidez salatu du CAFek Israelerako egiten dituen trenak Iruñerriko hiri garraioan
Yalak ekimen eta mobilizazio berriak iragarri ditu “genozidio sionistak bere gordintasun guztiarekin jarraitzen duelako”
1
