Testa Residencialak kaleratu nahi dituen Iruñerriko bizilagunak kalera atera dira Artika Berrin, Arrotxapean, Sanduzelain eta Etxabakoitzen

Haritu eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, elkarretaratzeak egin dira Artika Berrin, Arrotxapean, Sanduzelain eta Etxabakoitz Iparraldean Testa funts putreak etxeak hustu eta saldu nahi dituela, gaur egungo maizterrak kanporatuz.

2026-ko ekainak 16


Elkarretaratzeen bidez, “Iruñean ehunka lagunek duten egoera larria” salatu nahi izan dute. Izan ere, auzokideak kezkatuta daude beren etorkizunarekin: babes ofizialeko alokairuko etxeetan bizi ziren, baina 2017tik 2023ra “iraungi egin zitzaien babes ofizialaren kalifikazioa”, eta Testa Residencialek alokairuaren prezioak igotzeko aprobetxatu zuen hori. Testak 5 urte baino gehiago daramatza etxebizitzen jabea izaten, Nafarroako etxejaberik handiena da eta Blackstone putre funts ezagunaren higiezinetako inbertsio-sozietatea. Orain, auzokide horiek etxea galtzeko arriskuan daude, haien alokairu-kontratuak 2027 eta 2029 urteen artean bukatzen baitira, eta Testak ez baitu haiek berritzeko asmorik. Adierazi dutenez, beste behin, “putre funtsak egoera aprobetxatu nahi du bere irabaziak handitzeko, oraingoan, etxebizitza horiek, hutsik, higiezinen merkatu erakargarrian saltzeko”.

Halaber, nabarmendu dutenez, etxebizitzak “babes ofizialekoak izateak ez du balio izan bertan bizi direnen kalitate eta egonkortasun baldintzak ziurtatzeko”. Izan ere, lehen aipatutako kontratu-amaiera ez da duten arazo bakarra; denbora luzea daramate “teilatuak egoera txarrean, atezain automatikoak hondatuta, igogailuen etengabeko arazoekin, izurriteekin, teilatu-hodiak buxatuta eta hezetasunak eta itoginak konpondu gabe”. Diotenez, horien guztien ardura Testarena da, etxejabea den neurrian, baina ez da betetzen ari.

Gogorarazi dutenez, babes ofizialaren kalifikazioa iraungi zitzaienean eta Testak alokairuaren prezioa egin zuenean, 2020an, “bizilagunen borrokari esker, Nafarroako Gobernuak akordio bat egin zuen putre funtsarekin, eta, geroztik, diru publikoa bideratu du alokairuak diruz laguntzeko, eta, hala, aldi baterako eta partzialki arindu ditu arazo honen ondorioak”. Gainera, esan dutenez, “hasieran babes ofiziala zuten etxe horien bidez, diru publikoaren kantitate ikaragarriekin finantzatu dira eraikuntza-enpresen, bankuen eta putre funtsen etekinak ia 30 urtez”; bitartean, ezegonkortasuna sentitu dute bizilagunek, “etxeak hondatzen joan direlako batetik, eta haien kontratuak amaitu zitezkeelako bestetik”.

Ondoren, azaldu dute elkarrekin antolatu eta borroka bateratu bati ekitea erabaki dutela, eta beren aldarrien berri eman dute. Batetik, etxetik joateari uko egiten diotela azaldu dute. Nafarroako Gobernuari irtenbide iraunkor bat eskatu diote, “egoeraren erantzule nagusietako bat baita”. Horretarako, eskatu diote kontratu mugarik gabe luza ditzala babes publikoko baldintzetan, eta, beraz, lehenetsi ditzala bizilagunen interesak, eta ez etxebizitzarekin negozioa egin nahi duten horiena. Halaber, ohartarazi dute ez dutela onartuko inongo etxegabetzerik prozesuan.

Bestetik, Testa Residenciali exijitu diote “bete ditzala etxejabe moduan dagozkion funtzioak”, eta gaineratu dute kanpaina bat abiarazi dutela enpresa kudeatzaileari “eskakizun idatziak bidaltzeko, norberarenak eta kolektiboak, eraikinetako eta etxebizitzetako kalteak konpontzeko”. Hori esanda, deia luzatu dute beste batzuk ere anima daitezen datozen hilabeteetarako antolatu dituzten jarduera, ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

Akordio parlamentarioa etxegabetzeak ekiditzeko

PSNk, EH Bilduk eta Contigo-Zurekin taldeek alokairuko etxebizitza publikoen babesaren iraungitzea ekiditzeko lege proposamen bat adostu dute. Hiru alderdi politiko horiek araua aldatzea adostu dute bere garaian alokairura sozialerako eraikitako etxebizitzek denborarekin babestuen kalifikazioa gal ez dezaten. Lege proposamen hau ekainaren 25ean bozkatuko da Nafarroako Parlamentuan.

Gehiago