Zizurren arrazismoa eta xenofobiaren amua ez irensteko deia egin dute VOX alderdi ultrak adin txikiko zentro baten aurkako kanpaina eta gero

2026-ko ekainak 13

Zizur Nagusian azken asteetan VOX alderdi faxista adin txikiko zentro baten aurka garatutako ekintzek eztabaida sozial eta politikoa eragin dute herrian, eta horren aurrean hainbat eragilek migrazioaren aurkako diskurtsoak salatu dituzte.

VOXen kanpaina horretan, herriko tutoretzapeko etxe batean bizi diren adingabe migratzaileak izan dira mezuen ardatzetako bat. Horren harira, hainbat panfleto banatu dira eta herrian propaganda eta mezuen inguruko polemika sortu da. Gainera, Cake Minuesa kazetari ultra ere migranteen aurkako kanpaina horretara batu egin da, adin txikiko hauek jo puntuan jarriz, eta ondoren zentro honen ibilgailu bat eraso egin dute azken egunetan.

Egoera horren aurrean, hainbat eragile sozial eta politikok salatu dute ekimen horiek adingabe migratzaileak seinalatzen eta gorroto-diskurtsoak sustatzen dituztela. Haien ustez, gertakari horiek ez dira isolatuak, eta Nafarroako beste udalerri batzuetan ere antzeko egoerak izan direla nabarmendu dute.

Kritika egin duten eragileen arabera, migrazioa lotu nahi da gaur egungo arazo sozial eta ekonomikoekin, hala nola etxebizitzaren garestitzearekin, pobretzearekin edo segurtasun faltaren pertzepzioarekin. Horren aurrean, arazo horien jatorria egiturazko faktore ekonomiko eta sozialetan dagoela defendatu dute, eta ez migratzaileen presentzian.

Era berean, adierazi dute arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako jarrera irmoa mantenduko dutela, eta horrelako diskurtsoei aurre egiteko beharra azpimarratu dute. Haien esanetan, langile-klasearen batasuna eta antolakuntza dira pobrezia, etxebizitzaren arazoa edo bestelako erronka sozialei aurre egiteko tresna nagusiak.

Gehiago