Iruñea euskaltzalez betetzeko deia egin du Kontseiluak, pankartak eta pregoilariak aurkeztuz

Kontseiluak larunbat honetan Iruñeko kaleetan zehar ibiliko diren hiru zutabeetako pankarten diseinuak eta egileak ezagutzera eman ditu. Zutabe bakoitzaren hasieran, gizarte zibileko hiru taldek botako dituzte pregoiak eta txupinazoa: Azterketak Euskaraz mugimendua, euskarazko edukien sortzaileak eta Batuz Aldatuko talde eragilea. Hiru zutabeetan parte-hartzaileak banatzeko irizpideak ere gogoratu dira: hirian daudenak La Runa parkera joango dira, autoz iristen direnak, Antoniuttira, eta autobusez datozenak Askatasun plazara. Martxak arratsaldeko 17.00etan abiatuko dira.