Global Sumud Flotilla berriro eraso du Israelek eta gutxienez bi euskal herritar bahitu dituzte
2026-ko maiatzak 18
Iturria: Ahotsa.info-Argia.eus
Gazara bidean zihoazen Flotillaren 54 ontziei eraso egin diete Israelgo militarrek, eta horien artean Euskal Herriko 6 lagun zeramatzaten ontziak izanen lirateke. Gogorarazi dutenez, Flotilla munduko 70 herri baino gehiagotako pertsonek antolatutako indarkeriarik gabeko ekintza bat dela, Israelen legez kanpoko blokeo militarra hausteko, itsas korridore humanitario bat irekitzeko eta Palestinako Herriari Gaza berreraikitzen laguntzeko.
“Flotilla jasaten ari den eraso hau, aurrekoa bezala, Israelek duen zigorgabetasunaren isla da, Estatu Batuen baldintzarik gabeko babesa eta Europako gobernuen eta Euskal Herriaren konplizitatea baititu”, salatu dute Flotillaren antolatzaileek.
Bahitutako euskaldunen mezua
Zazpi euskal herritar ari dira Global Sumud Flotillan parte hartzen itsasotik, eta bi gutxienez bahitu dituzte soldadu sionistek. Israelgo armada beren itsasontzia abordatu baino lehen mezuak bidali dituzte José Javier Oses Carrasco Jotas eta Karim El Khamlichi Mohamed-ek. Global Sumud Euskal Herritik ARGIAri baieztatu diote atxilotuak izan direla jada, eta haiekin kontaktua galdu dutela.
Palestinako espetxeetan “10.000 preso” daudela gogoratu du Jotasek, eta Israelek heriotza zigorra legeztatu duela berriki: “Gure atxiloketak baliatu behar ditugu egoera hori salatzeko”. Kalean mobilizatzera deitu du, “determinazio handiagoarekin” eta “Palestinaren eta herri guztien eskubideak defendatzera”.
Flotillari berriz ere eraso eginez Israelek bere inpunitatea agerian uzten duela salatu du Jotasek, eta horrekin amaitu beharra azpimarratu: “Kalean erakutsi behar diegu inpunitate hori amaitu zaiela. Bereziki gure herrian sionismoaren konplize diren horiei erakutsi behar diegu gure herrian ez dutela lekurik”. El Khamlichik azpimarratu du berriz ere nazioarteko uretan egiten ari dela eraso Israel: “Hor datoz egiazko terroristak, ez dute nazioarteko legedia ere errespetatzen”.
Global Sumud Flotillari babesa eskaintzeko eta Palestinarekiko elkartasuna adierazteko, mobilizazioak antolatu dira gaurko, arratsaldeko 19:00etan Euskal Herriko hainbat tokietan. Iruñean, Merindades Plazan izanen da. Altsasun, Agoitzen eta Baztanen ere elkarretaratzeak izanen dira.
