PSNren eskutik Orkoienen euskara gero eta presentzia gutxiago duela salatu dute

Orkoiengo euskaltzaleek, Oltza Zendea eta Etxauribarreko bizilagunekin batera, Euskararen Eguna ospatu zuten herrian pasa den larunbatean. Festaz gain, aldarrirako eguna izan zuten ere. Izan ere, Orkoiengo Udalak euskararen ordenantza berria onetsi zuenetik hizkuntza-eskubideak murriztu direla eta ondorioak nabarmenak direla salatu zuten. "Euskarak gero eta presentzia txikiagoa du gure herrian", ziurtatu zuten.

2026-ko maiatzak 11

Iturria: Hamaika.eus – Ahotsa.info

Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kideek azaldu zuten euskara eta Orkoien “bereiziezinak” direla; euskal hizkuntza “gure nortasun konplexu eta anitzaren zati garrantzitsu eta ukaezina dela.” Ospatzeko arrazoiak dituztela adierazi zuten ere: ikastetxeetan, kalean, etxeetan eta jaietan euskara “bizirik” dagoelako.

Hau ez da Orkoiengo euskaltzaleek salaketa publikoa egiten duten lehenbiziko aldia: inauterietan ekitaldi guztiak elebitan izan arren, egunak aurrera egin ahala, hainbat bizilagun euskarekiko irainak eta oihuak botatzen hasi ziren. Gainera, elektrotxaranga jotzen hasteko prest zegoenean haien kontrako mehatxuak egin zituzten, bai eta jazarpen fisikoak ere, ospakizuna bertan-behera utzi behar izan zuten arte.

Horrez gain, urte eta erdi daramate euskara teknikaririk gabe eta beste hainbeste euskara profila duen berdintasun teknikaririk gabe, udalak ez zuelako kontratazio berririk egin nahi izan plantilla organiko berria onartu arte. Berriki onartu egin dute plantilla organiko berria, eta euskararen ezagutza eskatzen
duten lanpostuak erdira murriztu egin da.

Azkenik, adierazi zuten “Orkoienen bizi duten egoera ez delak kasu isolatua” eta horregatik ekainaren 13an, Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxan parte hartzera dei egin zuten.

Gehiago