Zizurko ikastetxeko irakasle ohi batek egindako eraso sexualak salatu ditu mugimendu feministak

Zizurko institutuko irakasle ohi batek hainbat ikasleen intimitatea urratu izanagatik epaitu eta zigortu izan da Iruñeko Epaitegian aste honetan bertan. Herriko mugimendu feminista kalera atera da eraso hauek salatzeko eta erasotuei elkartasuna eta babesa eskeintzeko asmoz.

2026-ko apirilak 20

“Ez da kasu isolatua: indarkeria matxista botere-harremanetan eta isiltasunean oinarritzen da”. Hori izan da Zizurko Mugimendu Feministak zabaldu nahi izan duen mezua gaurko mobilizazioarekin. Isilik egoteko prest ez daudela argi utzi nahi izan dute, eta horrelako erasoei elkarrekin aurre egiteko prest agertu dira.

“Indarkeria matxista ez da hutsetik sortzen; estruktura oso baten parte da. Ttxikitatik erakusten digute nork agindu, nork isildu, nork beldurra izan eta nork daukan eskubidea besteon gorputzak eta espazioak zeharkatzeko. Indarkeriak forma berriak har ditzake, baina beti berdina da funtsa: jendartearen erdiaren gaineko kontrola, boterea ezarri eta indarkeria. Horregatik, erantzunak kolektiboa behar du izan”, azpimarratu dute manifestazioaren bukaeran.

Haserre eta nazkatuta agertu dira, eta eskolak espazio seguruak izan behar direla aldarrikatu dute. “Ez beldurra ikasteko lekuak, ez isiltasuna inposatzeko instituzioak. Ikastetxeak oinarri politiko eta balore batzuen baitan eraiki behar dira, eta dudarik gabe, feminismoa da horietako bat, antiarrazakeria eta transfeminismoarekin batera, besteak beste”.

Erasotutako ikasleei elkartasuna eta babesa adierazi diete. “Aspaldi ulertu genuela erasotuak ez direla errudunak, inoiz ez. Horregatik da hain garrantzitsua hezkuntzan esku hartzea, formalean zein informalean, gaztetatik, eta baita familietan, lagunartean, kalean, sare sozialetan eta komunikabideetan ere”.

Autodefentsa feminista ere defendatu dute matxismoari aurre egiteko, eeta hamaika modu daudela azaldu dute. “Hamaika modutan egin diogu aurre indarkeria matxistari, eta gaur berriro aldarrikatzen dugu: elkarrekin, komunitatean eta feminismotik, indartsuak gara. Erasoen aurrean saretuta mantenduko gara, eta gaurko mobilizazioan gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi dizuegu: ez zaudete bakarrik, zuen ondoan egongo gara, bai gaur, bai etorkizunean ere.”

Zigor juridikoa eztabidan
Sistema judiziala ere ezbaian jarri dute, izan ere, feministen iritziz, honek “askotan ez gaitu babesten, erasotzen gaituen sistemaren parte baita”. Horregatik “justizia feminista” aldarrikatu dute non “zigor eta kartzeletan oinarritu ordez, eragindako kaltea benetan konpontzera, berriz ez errepikatzeko bermeak jartzea eta egoera hori posible egin duten baldintzak eraldatzea bilatzen den”. Horretarako, biktimak entzun, sinistu eta zentralizatu behar direla nabarmendu dute, “haien
beharrak erdigunera ekarriz, eta berbiktimizazioa ekidinez”.

“Horretaz gain, justizia eraldatzailea izan dadin, ezinbestekoa dugu kontuan hartzea egiturazko desberdintasunek sortzen dutela indarkeria mota hau. Esan bezala, ez dira kasu isolatuak, indarkeria matxista sistema kapitalista, kolonial eta arrazista baten parte da. Horregatik, biktimei babesa emateaz gain, baldintza horiek eraldatu nahi ditugu: hezkuntzaren, prebentzioaren, komunitate sareen eta gizarte-aldaketa zabalagoen bidez”.

Bukatzeko, mezu indartsu bat helrazi nahi izan dute: “Ez gaituzte isilaraziko. Ez gaituzte bakartuko. Ez gaituzte beldurrean heziko”.

Gehiago