Azken erailketa matxista salatu dute Iruñean: “Egiturazkoa den indarkeria honekin amaitzea urgentea da”

2026-ko apirilak 7

Pasa den asteazkenean Basaurin gizon batek bere emaztea hil zuela salatzeko elkarretaratzea egin du Iruñean Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bere “amorrua eta mina” adierazteko eta gogoratzeko 2026an dagoeneko bi emakume erailak izan direla Euskal Herrian.

Eraildako emakumearen familia, lagun eta gertukoei babesa eskaintzeaz gain, salatu nahi izan dute “sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista kolonial honetan emakumeok emakume* izate hutsagatik erailtzen” dituztela, eta indarkeria matxista egunerokotasunean jasan behar izaten dutela. “Erailketak indarkeria matxistaren aurpegirik lazgarrienak dira. Egiturazkoa den indarkeria honekin amaitzea urgentea da eta egunero zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialarekin amaitu behar da”.

Gizonei egoera honekin amaitzeko “erantzukizuna” hartzeko gonbita luzatu diete. “Egiturazko arazo honen sostengatzaileak zarete. Noiz bukatu behar duzue zuen arteko konplizitate eta isiltasunarekin?”, galdetu dute

Erakundeei ere eginbeharrak dituztela gogorarazi diete. “Baliabideak beharrezkoak dira horrelako egoerak saihesteko eta gertatu aurretik neurriak hartzeko. Erabaki arduratsuak hartu behar dituzue benetako justizia feminista bat izan dezagun. Prebentzioa eta arreta dira emakumeok* behar duguna, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko politika feministak. Erailketa baten ondoren esaten diren hitzak ez digute bizitza itzuliko”.

Bukatzeko, autodefentsaren beharra aldarrikatu dute. “Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten. Egungo egoera irauli behar dugu denok aske bizi ahal izateko”.

Gehiago