12.400€ko isunak eta 3 auziperatu Burlatan izandako etxegabetze batean protesta egiteagatik
Pasa den urriaren 9an Burlatan familia baten etxegabetzean protesta egin zutenen aurka oldartu zen Espainiako Polizia. Orain, jakinarazi dutenez, 12.400€ batzen dituzten isunak jaso dituzte, eta 3 pertsona auziperatu dituzte.
2026-ko martxoak 27
Berriozarko Hipotekak Kalteturikoen Plataformak, Harituren Etxebizitza Sindikatuak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dute Burlatan izandako etxegabetzearen aurka protesta egiteagatik jasandako isunak eta irekitako auzi judizialak. Gogoratu dutenez, emakume bat eta haren adin txikiko hiru seme-alabak etxegabetu zituzten urriaren 9 hortan. Burlatako Udalak ostatua eman zien orduan hotel batean egun batzuk. Hasieran Udalak ordaintzen zion parte bat; gaur, ordea, bera ari da ordaintzen kostu osoa, eragile hauek aipatu dutenez. Duela gutxi behin-behineko etxebizitza-alternatiba bat eskuratu du familia horrek.
Etxegabetzea bortizkeriaz gauzatu zuen Espainiako Poliziak borrak eta piper-gasa erabiliz, eta dozenaka zauritu eragin zituen. Gainera, Espainiako Poliziak zenbait kide identifikatu zituen, eta horren ondorioz osotara 17 lagunek jaso dituzte isunak (osotara 12.400 eurokoak), eta 3 lagun auziperatu dituzte, desobedientzia- eta lesio-delituak eta agintaritzari aurre egitea leporatuta.
Etxegabetze bati aurre egiteagatik errepresioa jasatea larria dela salatu eta horren helburua “antolakuntza eta borroka kriminalizatzea dela” azpimarratu dute kolektibo hauek. “Hori guztia are larriagoa bilakatzen da egungo egoeran, non gero eta oztopo gehiago ditugun etxegabetzeen kontrako defentsa antolatzeko. Hain justu, azken hilabeteetan, etxegabetzeen kontrako defentsaren kontrako eraso ugari ari gara ikusten Iruñerrian, besteak beste, data irekiko etxegabetzeak –nahiz eta legez kanpokoak izan– eta kalea etxegabetzerako ezarritako ordua baino zenbait ordu lehenago hustea; batzuetan, droneak ere bidali dituzte kalea bijilatzeko. Horiek guztiak gure eskubide politikoen kontrako eraso zuzen gisa ulertzen ditugu, eta geure burua defendatzeko ditugun baldintzak okertzeko bitarteko gisa”.
