Lizarrako Udalak Korrika babesteari uko egin dio, eta herritarrek ardura hartu eta zegokion kilometroa erosi dute

853 km-a "herritarren kilometroa" izango da, UPNren Udalak jarrera euskarafoboa erakutsi ondoren.

2026-ko martxoak 21

Iturria: Kotarro.eus

KORRIKAk bi urterik behin Euskal Herriko eta Lizarraldeko jendartea astintzen eta emozioak pizten ditu. Korrika oso ekimen maitatua da Egaren bazter hauetan, eta bi helburu ditu: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien lana indartzeko dirua biltzea.

Lizarrako Udalak gutxienez 1993tik aurreko ediziora arte urte bakar batean egin du kale kilometroa erosten, hau da, azken 16 ediziotan bitan. Kolore guztietako udalek hartu dute parte, hala, beste 14 edizioetan, bost sozialistak izan ziren (Jose Luis Castejon eta Mª Jose Fernandez), lau UPN (Josefina Bozal eta Begoña Ganuza) eta hiru EH Bildu (Koldo Leoz).

“Udala gertuen dugun erakundea da eta horregatik eskatzen diogu herritarrek horren gogotsu eta urte luzez bultzatzen duten ekimenari babesa adieraztea”, azaldu du Lizarrako Korrika Batzordeak, eta Udalari zegokion kilometroa erosteko diru bilketa egin dute.

“Udal honek euskararen aurkako erabaki ugari hartu ditu legealdian zehar. Lanpostuetan hizkuntza profilen aurka egin du, euskara zerbitzuaren aurrekontua murriztu du eta Kultura zerbitzua erabat mugatu du euskaraz programatzeko, Euskara Merkataritzara programatik atera zen, festetan familientzako euskarazko jarduerarik ez edota bere burua kontraprogramatzen, oldakor jokatu euskal giroko festa-gune nagusiekin (txosnak eta Santiago plaza), eta abar.”, salatu dute.

Igandean, 21:35ean, Kale Nagusian 853. kilometroan bilduko dira herritarrak.

Gehiago