Txantrea munduko latitude guztietako auzokideen artean eraikitzeko eta faxismoaren aurka komunitate sendo bat eraikitzeko deia egin dute
'Txantreako Arrozak Elkartez Elkarte'' ekimena jarri du martxan Jaki Toki-k auzoko hainbat elkarteren laguntzarekin, eta auzo osoari irekitako hainbat hitzordu finkatu dituzte janaria eta musikaren bitartez elkarguneak sortzeko.
2026-ko martxoak 19
Langile klasearen bizi-baldintzak etengabe okertzen ari diren honetan, auzo komunitatea eta bizilagunen arteko harremanak sendotzeko ahaleginak egiten ari dira Txantrean. “Pobreen arteko gerra” bultzatzen duen faxismoaren estrategiari ateak itxi eta “komunitate anitza, antolatua eta borrokalaria” eraikitzeko apustua egiten dute auzoko hainbat eragileek.
“Bizitzaren garestitze orokortuak, etxebizitza duin bat lortzeko zailtasunek, lan prekaritateak eta eskubideen murrizketak miseria eta esplotazioa sortzen dituen sistema baten egiturazko desberdinkeriak sakonago egiten dituzte. Errealitate hori are gogorragoa da auzokide migranteentzat, mota guztietako oztopo burokratiko eta arrazistei aurre egin behar baitiete oinarrizko eskubideak eskuratzeko, hala nola hezkuntza, etxebizitza edo osasun-arreta”, gogoratzen du Jaki Tokik. Elkartasuna bultzatzen duen eragile honek azpimarratzen du nagusitu direla joera indibidualistak, eta horrek zatiketa eragiten duela eta “irtenbide komunak imajinatzea” eragozten dituztela. “Bakoitza bere kabuz salba dadila” horren aurrean, batasuna aldarrikatu du Jaki Tokik.
“Egungo krisi testuinguruan, krisiaren benetako erantzuleak ezkutatu nahian, indar handiz azaleratzen dira estrategia faxistak: “pobreen arteko gerra” bultzatzen ahalegintzen dira, langile klasea zatitu eta zapalduen daudenen artean errudunak bilatu nahian, bereziki migratzaileen artean. Arrazakeria, xenofobia, matxismoa eta LGTBIQfobia hain zuzen, gu banatu eta albokoa etsaitzat har dezagun”, iritzi dute txantrear hauek. Eta auzoa ez dagoela dinamika erreakzionario horietatik salbu ere gogoratu dute. Duela gutxi bere sortzearen 75. urtemuga ospatu duen auzoan “komunitate anitza, antolatua eta borrokalaria eraikitzeko” apustua egiten jarraitzeko deia egin dute faxismoa gelditzeko.
Arrozak faxismoari aurre egiteko
Joan den urriaren 12an ospatu zen Txantrean faxismoaren aurkako eguun berezia. “Txantreako Arrozak dinamikan, ehunka auzokide bildu ginen Ezkaba plazan, elkarrekin ospatzeko eta aldarrikatzeko”, eta dinamika horri segida emateko hautua hartu dute. Oraingo honetan ”Txantreako Arrozak Elkartez Elkarte” ekimenaren bidez. Jaki Tokiren eta auzoko hainbat elkarteren eskutik –Peña Armonía Txantreana, Euskaldunon Biltoki, Akelarre Kultur Elkartea eta Kaskallueta Elkartea– datozen hilabeteetan, auzoko elkarteetan batuko dira “auzo osoari irekitako elkarguneak sortzeko”. Hitzordu hauek janariaz eta musikaz gozatzeko baliatuko dituzte, eta bide batez “munduko latitude guztietako txantrearron arteko loturak” sendotzea izanen dute helburu.
Martxoaren 28an Armonía Txantreanan izanen da lehenengo hitzordua, hurrengoan maiatzaren 30ean Euskaldunon Biltokin. Ekainaren 20an Akelarre Kultur Elkartean bilduko dira, eta udazkenean, Kaskallueta Elkartean.
“Ekimenaren apustua argia da: inposatu nahi diguten zatiketaren aurrean, komunitatea behetik eraikitzea, banatzen gaituzten harresiak apurtzea eta auzokideon arteko harremanak ehuntzea, elkartasuna Txantrea osoan zehar zabaltzeko. Labur esanda, elkarrekin antolatzeko eta borrokatzeko espazioak indartu nahi ditugu”, azaldu dute. Gogogratzen dutenez, auzoko bizitza sozialean elkarteak espazio adierazgarriak dira, eta ekimen honetan “funtsezko zeregina dute”. Horregatik elkarteen ateak “are gehiago zabaldu” nahi dizkiete auzokide guztiei, baita munduko hainbat tokitatik Txantreara iritsi eta gaur egun auzoaren parte direnei ere”.
Martxoaren 28an, Peña Armonian, janaria, musika, aldarrikapenak, batzeko gogoa eta sorpresaren bat edo beste izango direla aurreratu dute.

