Beste 8 torturatu ofizialki aitortu dituzte, eta dagoeneko 122 dira Nafarroan errekonozitu dituzten Estatuaren indarkeriaren biktimak

Nafarroan torturatutako beste 8 pertsona ofizialki aitortuak izan dira 16/2019 Foru Legearen babesean. Horien artean, 70. hamarkadan, Transizioan edo XXI. mendean torturatutako lagunak daude.

2026-ko martxoak 12

Brigada Politiko Sozialak, Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak atxilotutako eta torturatutako 8 lagunak ofizialki aitortu ditu Nafarroako Gobernuak 16/2019 Foru Legearen babesean. Errekonozimendu eta Erreparazio batzordeak ofizialki aitorturiko zortzi pertsonak torturak jasateagatik aitortu dira “giza eskubideen urraketen biktima” modura. Aitortutako pertsonak hauek dira:

Iñaki Goñi Zubiri, Brigada Politiko Sozialak torturatua 1975an.
Victoriano López de Goikoetxea Bengoetxea, Guardia Zibilak torturatua 1981ean eta 1984an.
Imanol Larrañaga Alberdi, Guardia Zibilak torturatua 2001ean.
Ainara Gorostiaga Eskubi, Guardia Zibilak torturatua 2002an.
Ikerne Indakoetxea Barberia, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2003an.
Ramón López Cid, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2003an.
Itxaso Torregrosa Arteaga, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2009an.
Rosa Iriarte Laset, Guardia Zibilak torturatua 2010an.

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman dituen zortzi aitortza berri hauek positiboki baloratzen dituzte Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikatik. “Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko. Hala ere, argi adierazi nahi dugu Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki nahi badugu”.

Azken ebazpen hauekin 122 pertsona dira jada orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak.

  • 7 hildako (horietako bat torturaren ondorioz)
  • 83 pertsona torturatu
  • Torturatutako pertsona 1 + lesio fisikoak + kalte materialak
  • Torturatutako 2 pertsona + lesio fisikoak
  • Torturatutako 2 pertsona + kalte materialak
  • 21 pertsona lesio fisiko eta/edo psikologikoekin
  • Kalte materialak pairaturiko 2 pertsona
  • Lesio fisikoak + kalte materialak izan dituzten 4 pertsona

Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak aurkeztera animatzen dute Egiaren Garaia da ekimenetik. Izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi dute.

Gehiago