Erantzunak eta erantzunak

2015-ko uztailak 30

Iritsi da uda eta honekin batera eguzkia, hondartzara joateko planak, herriko jaiak eta nola ez, eraso sexista etengabeak. Inpresio hori ematen du behintzat Uztailean Euskal Herrian gertatutako eraso sexistak salatu asmoz argitaratu diren albiste kopurua ikusita, besteak beste, Barañaingo jaietan, Sanferminetan, Ordizian, Sestaon, Zumaian edota Karmengo jaietan.

Baina zer gertatzen ari da? Turroia eguberritan etxera datorren bezala, eraso sexistak udan eta jai giroarekin batera datozen opariak al dira? Feministok jakin badakigu eraso sexistak ez direla urtaro honetara mugatzen diren gertaerak, urte osoan zehar gure egunerokotasunean pairatzen ditugun jarrera matxistak direla baizik. Egia da, jai eremuetan erasoak biderkatzen direla eta nabarmenagoak izaten direla “jaietan denak balio du” aitzakiapean. Hala ere, arazoa ez da alkohola edo drogak eta errua ez da gurea, arropa gutxiagorekin joaten garelako edo beranduegi eta toki ilunetatik bueltatzen garelako etxera. Neskak ere mozkortzen gara eta mutilak kamisetarik gabe ibili, eta ez dira horrelakoak gertatzen. Jaiak desinhibiziorako egunak izaten dira eta barneratuak ditugun balore eta jarrerak agerian geratzen dira kontzientzia zentzudunaren gainetik. Eraso hauek ez dira gertakari isolatuak; egun, oraindik jendarte matxista eta heteropatriarkal batean bizi garenaren seinale nabarmenak besterik ez dira. Errora joan eta generoaren araberako botere harreman batzuen baitan kokatu behar ditugu. Aspaldi salatzen ari gara indarkeria sexista estrukturala dela eta bizitzako esparru guztietan pairatzen dugula: arlo ekonomikoan, antolaketa politiko-sozialean, arlo kultural eta sinbolikoan, ideologikoan…

Ez da izango orduan, geroz eta eraso sexista gehiago ematen ari direla gure herri iraultzaile honetan? Ezetz esango nuke nik. Erasoak beti eman dira, kontua da orain geroz eta salaketa publiko gehiago daudela, hau da, sozialki ikusarazten ari direla. Eta hau ez da kasualitatea, mugimendu feministaren borroka eta kontzientziazio lanaren fruituak dira. Ondorioz, erailketak eta erasoak salatzeko kontzentrazioak geroz eta jendetsuagoak dira, erasoen kontrako mezu, kartel eta pegatinak nonahi ikusten ditugu eta geroz eta jai edo txosna batzorde gehiagok erantzun protokolo bat daukate, adibidez.

Hau ez da lehentasuna

Hau guztia oso positibotzat jotzen dugu, baina arazoaren azaleko bilgarria aldatzera baino ez gara iritsi. Modan jartzen ari den gaia da eta oso erosoa eta komenigarria izan daiteke aldarrikapen hauekin bat egitea, lanketa formal eta politikoki zuzenak egitea, “feminista naiz” etiketa jartzea, beste ezer aldatu gabe, nor bere burua zalantzan jarri gabe eta errora jo gabe (bereziki instituzioentzat eta mutil askorentzat). Erantzunak puntualak izaten dira eta inondik inora emakumeok eta identitate ez normatiboek jasaten dugun indarkeriaren tamainakoak. Intentsitate altuko indarkeria bortitzena (emakumeen erailketak, bortxaketak, esplotazioa …) eguneroko ogia izaten jarraitzen du eta hemen inork ez du alerta egoera deklaratzen edota bake prozesu nahiz negoziazio mahaiei buruz hitz egiten.

Eta feministok jada nazkatuta gaude! Nazkatuta, gustura gauden edo ez kontutan hartu gabe, beraien txapa botatzen jarraitzen duten babosoak aguantatu behar izateaz! Nazkatuta, begirada lizun eta piropo nazkagarriez, gure gorputzak beraien gogoa asetzeko eta epaia jasotzeko bertan dauden objektuak izango balira bezala. Ez zaigu axola gure fisikoaz zer pentsatzen duten, inork ez dizue iritzitik eskatu! Nazkatuta, baimenik gabeko zirri eta ukitzeez, errespetu faltaz. Nazkatuta, gure ezetzak baliogabetuak izateaz eta zuen desioak gurea baino gehiago balio izateaz. Nazkatuta bortxatuak eta erailak izaten jarraitzen dugulako eta hala ere, gure jokaera izaten delako zalantzan jartzen dena. Gure gorputzak eta bizitzak dira jokoan daudenak eta ez dirudi inori axola zaionik! Eta nazkatuta gaude, geure burua defendatzeko gai ez garen eta norbaiten babesa behar duten izaki ahul eta menpeko bezala irudikatzeaz.

Kalea eta gaua gureak dira

Azkenaldian, bestelako erantzun mota bat ikusi dugu Euskal Herriko hainbat txokotan, Gasteiz, Iruñea edo Hernani kasu. Emakumeak beltzez jantzita, aurpegia estalia, kaleak edo eszenatokiak okupatzen, gauez, amorrua eta indarra adierazten. Estetika honekin, emakume biktimaren iruditegia apurtu eta emakume aktiboa, ahaldundu eta borrokalariak izan gaitezkeela argi erakutsi dute. Autodefentsa Feministaren filosofiarekin bat egiten duen jarrera: eraso baten aurrean, geure burua defendatuko dugu, erantzunen dugu. Ez gara bortitzak, baina modu bortitzean erantzun dezakegu. Furia rap egileak dioen bezala “ez da indarkeriarekiko maitasuna, defentsa legitimoa da!”

Iaz Iruñeako FARRUKAS kolektiboak sanferminen aurretik lehen aldiz holako manifestazio bat antolatu zuenean “beldurra lekuz aldatuko da” lelo polemikoa aldarrikatu zuen. Beraien irakurketan azaltzen dutenez, ez da genero maskulinoari egindako mehatxua, erasotzaileei egindako interpelazio zuzena baizik. Haien ustetan, zilegi da beldur nahikoa eragitea, erasoak berriro gerta ez daitezen. Bestalde, emakumeoi beldurrez bizitzen irakatsi digute eta honek gure autoestimua eta askatasuna baldintzatu ditu. Sistemak emakumeengan sorrarazten duen ikara indarkeria da, eta hauen helburua honi ere erantzun bat ematea da.

Iruditegi, lelo eta jarrera indartsu eta gogorrak dira, emakumeen aho eta gorputzetan ikustera ohituta ez gaudenak. Honek erresistentziak sortzen ditu euskal jendartean, batzuk urduri jartzen dira ahalduntze kolektibo eta orden sinbolikoaren apurketarekin, eta horregatik zalantzan jartzen da borroka molde hauen legitimitatea. Mugimendu feministatik kontzientziazio kanpainak eta lan pedagogikoa egiten jarraituko dugu, baina guk argi dugu: gure gorputzak eta bizitzak dira jokoan daudenak eta ez badugu guk geure burua defendatzen, ez du beste inork egingo.

Terrorismo patriarkalaren aurka borrokan aritzeko lan handia daukagu; beraz, kide, inoiz baino indar handiagoz, kaleetan ikusiko dugu elkar! Ekin Autodefentsa Feministari!

Gehiago