Aberri Eguna modu bateratuan Lizarran ospatuko da martxoaren 28an

2026-ko martxoak 5

Lizarrako Foruen Plazan egindako agerraldi batean, Euskal Herria Batera ekimenak foruen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Foruak euskal herritarrok gure burua antolatzeko eta gobernatzeko modu bat izan dira, baina ez ziren lege soilak: komunitate baten identitatearen bizkarrezurra ere baziren. Horregatik, duela 150 urte Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenean -Nafarroakoak abolituta zeuden ordurako- samin latz batek astindu zuen Euskal Herri osoa, eta, hain zuzen, identitate hori, euskal herritarron identitatea, ulertzeko, ikusarazteko eta aldarrikatzeko molde eta formulazio berriak sortu ziren, hala nola, Zazpiak Baten ideia edo abertzaletasuna bera. Horregatik daude horrenbeste foruen plaza edo pasealeku gure herrian, eta horregatik gaude gaur hemen, Lizarran”.

Gogoratu dutenez, Lizarrak badu esanahi berezia Euskal Herriko historian, bertan jaio diren pertsonai historikoengatik (Manuel Irujo, Fortunato Agirre…) edota herrian bertan izan diren gertakariengatik (Errepublikaren garaian lau Hego Euskal Herriko ordezkariak bildu ziren autonomia lehenengo estatutoa onartzeko).

Beste hitzordu garrantzitsua izanen da Lizarran martxoaren 28an. Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko, Euskal Herriko ideologia ezberdineko abertzale eta subiranistak bilduko dira ekitaldi batean. “Gure egun nazionala ospatzera. Aberri Eguna ospatzera. Eta etorkizuna dugula ospatzera, gure herria beste subiranotasun fase batzuetara eraman nahi dugula, non herri honek bere burua erabat gobernatu ahal izango duen eta dagozkion erabakiak bere errealitate pluralen arabera eta bere herritarren borondatearen arabera hartu ahal izango dituen, askatasunez eta demokratikoki agertuta. Lizarrara gonbidatzen zaituztegu, historiarekin hitzordua egitera, etorkizuna ospatzeko”.

Aberri Eguna Los Llanos kulturgunean ospatuko da. 11:45ean, eta aurreko urteetan egin bezala, kanpoaldean agintarien sokadantza izango da, baita ohorezko aurreskua ere. Ondoren, kultur ekitaldi izango da. Ekitaldiaren ideia artistikoa eta gidoia Xabier Irujo Ametzagarenak dira. Xabier Irujo Ametzaga Nevadako Unibertsitateko Center for Basques Studies zentroaren zuzendaria da, eta genozidio-ikasketetako irakaslea.

Ekitaldiak Lizarraren balio historiko, kultural eta artistikoa nabarmenduko du, baita hiri honek eskubide zibilekin izandako lotura ere, Lizarra aitzindari izan baita, emakumezkoen, adingabekoen zein minoria erlijiosoen eskubideak bermatzen. Xabier Irujo Ametzagak laburbildu duenez, “gaur, Lizarra berriz da izarra. Iraganetik etorkizunera, garaian garaiko berpizkundea”. Ekoizpen tekniko eta artistikoa LUR Soinu Sistemena izango da. Eta sarrerak salgai daude jada Internet bidez, eta ekimena laguntzeko BIZUM kanpaina bat abian jarri dute.

Bestetik, Aberri Egunaren kartela ere aurkeztu dute. Aurtengoa Joseba Larratxe Berazadi ‘Josevisky’-k egin du. Ekitaldira bertaratzen diren guztiak kartel bana jasoko dute.

Gehiago