Antoniutti-tik abiatuko da igandean Martxoak 8ko mobilizazio feminista “Beste mundu bat feminismotik” lemapean
2026-ko martxoak 2
Munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean iritsi da beste urte batez Martxoaren 8, eta urtero bezala, Euskal Herriko Mugimendu Feministak “arrazoiak soberan” daudelako kalera ateratzeko deia egin du. Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan arrazoi horiek azaldu dituzte eta igandeko martxan parte hartzeko deia egin dute.
Sarrigurenen eraildako emakumea eta zauritutakoa gogoratuz, indarkeria matxista salatu dute, eta era berean, elkartasun eta babesa adierazi diete munduan zehar “erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei”.
“Noraeza, etsipena eta beldurra gailentzen ari dira sarri, eta horrek immobilizaziorako joera ekar lezake. Baina, guk, aspaldi ikasi genuen kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko, isilik eta otzan”, azaldu dute.
“Askotariko zapalkuntzak” betikotzeko altxatutako egiturak salatu dituzte, gaur egun “zapalduak are zapalduago” daudelako eta “boteretsuak are boteretsuago” direlako. “Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak”.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurrera eramandako borroka ezberdinak zerrendatu dituzte ziurtatzeko urratsak eman direla eta beste batzuei ere dagokiela aurrera egitea norabide berean. “Instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura!”
Feminismoa aitzaki bezala erabiltzen dituztenak arrazakeria bezalako gorroto sentimenduak hedatzeko ere slatu dituzte. “Hori horrela, feminista zurioi, horrekiko ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu. Ez dago erdibiderik”. Eta mezu argi bat utzi nahi izan dute mahi gainean hainbat hitzorduekin batera. “Martxoaren 8an kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez. Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko. Hurrena, martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera. Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”.
Igandean Iruñean egingo den mobilizazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Antoniuttitik.

