Sakanan lau proiektu fotovoltaikori buruzko argibideak emanen ditu bertako kooperatiba energetikoak
Otsailaren 19an, Irurtzunen egin zen batzarra, bihar Arbizun eginen dute, martxoaren 3an Etxarri Aranatzen eta martxoaren 26an, Urdiainen. Energia burujabetza helburu, honek dakartzen "onura ekonomiko eta sozialen" inguruan sentsibilizatzeko batzarrak izanen dira.
2026-ko otsailak 25

Iturria: Guaixe.eus
Energia Berriztagarrien Kooperatiba (EBK) pausoak ematen hasia da. Jakinarazi duenez, lau proiektu fotovoltaiko identifikatu ditu dagoeneko. EBKko kideek azaldu dutenez, proiektu bakoitzak garapen maila bat du. Etxarri Aranatzen autokontsumoaren lehen fasea apirilean hastea aurreikusi dute. Irurtzunen, berriz, irailean jarri ahal izanen da martxan instalazioa. Azkenik, Arbizuko eta Urdiaingo instalazioak 2027rako martxan jartzea aurreikusten dute EBKko kideek.
Kooperatibakoen arabera, lau proiektuetan sortutako argindarra 184 etxebizitza eta 8 negozio erabiltzen dutenaren adinakoa da. Guztira 365 kW banatuko lituzkete, familia eta negozio bakoitzaren energia beharren arabera. Proiektu fotovoltaiko horiek aurrera egiteko lau herrietako udalek egindako hasierako inbertsioa 332.793 eurokoa da. Gainera, lau udalak energia komunitateko bazkide dira.
EBKk bilerak antolatu ditu. Saio horien helburua da “herritarrak zuzenean inplikatzea, energia subiranotasuna handiagorantz aurrera egiteak dakartzan onura ekonomiko eta sozialen inguruan sentsibilizatzeko”. Bileretan proiektuetan sartzeko bideak eta horiei lotutako onurak azalduko dira.
Bilerak
Lehenengo batzarra Irurtzunen egin zen pasa den ostegunean. Irurtzungo Udalak instalazio fotovoltaikoa jarri zuen kiroldegian joan zen urtean. Udala Sakanako Energia Berriztagarrien Kooperatibako kidea da. Bilkuran kiroldegiko instalazio fotovoltaiko berriaren berri eman zuten. Kiroldegian sortutako argindarra erabiltzeko zer egin behar den azaldu zuten, besteak beste.
Otsailaren 26an, osteguna, 18:30ean, Arbizuko eskola zaharrean eginen dute bilera; martxoaren 3an, asteartea, 18:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean, eta martxoaren 26an, osteguna, 18:00etan, Urdiaingo Auzoan
