Oliba olioa eta ke berdea:
David Ruiz Moreno
Arroitz
2026-ko otsailak 23
Arroitzen, herriaren erdiak baino gehiagok biometano plantaren aurka sinatu duen lekuan, herritarrek benetako politika egin zuten atzo,tostadaren egunean, inozoak ez diren pertsonen politika: errebeldeak, matxinatuak, komunitarioak, lasaiak, jai girokoak eta argitasunez. Bizi izan duguna handiegia da protesta deitzeko; mugimenduan dauden emozioen koreografia bat izan zen: belauniko jartzeari uko egiten dionaren haserrea, memoria antolatua eta gorputza kalean jartzen duen pertenentzia sentimendua. Eguna plataformen arteko topaketa batekin hasi genuen, biometanoaren aurkako borroka ez delako gure herrira mugatzen: Radan, Sesman, Bianan…ta leku guztietan estrategia berdina jarraitu dute, ezkutuan eta greenwashingeko diskurtsoarekin. Azkenean, diru txartel bat gutxi batzuentzako bilatzen da, Moleónen estiloan.
Arroitzko txistorra, tortillak, Molineraren pastak, ardoa… samurtasunez partekatzetik haratago izan zen atzo bizi izan genuena: aldarrikapenak, artikulazioak, dantzak eta abestiak, eutsi egiten duten herriak, alegia.
Stop Biometanoko manifestua gure lurraren hizkuntzetan entzun genuen: gaztelaniaz eta euskeraz. Gure lurra kolonizatzen saiatzen diren bezala, garai batean gure hizkuntza ezabatzen saiatu ziren. Baina hemen gaude: zintzurrak bero, mingainak bizi, gorputzak prest eta oso erne.
Ondoren, taldeko argazkia eta joaldunen etorrera izan zen. Joaldunen soinu gogorra ez zen folklorea bakarrik: kontzientziak astintzen zituen memoria izan zen. Jendeak galderak egiten zituen gure egoeraren inguruan eta informazioa partekatu genuen. Herria sentitu, pentsatu eta antolatu zen.
Handik minutu batzuetara, antolatutako herri baten aurrean, antzerki eszena patetikoaren ikusleak izan ginen: alkatea txorimalo baten antzera zutik, soinu-banda jotzen ari zela, betiko traje aspergarriarekin, egindako azpijoko guztiekin, lotsarik erakutsi gabe : biometano planta ezartzearen datu guztiak ezkutatu zituen, bizilagunak iraindu eta traba bat balira bezala tratatu gintuen.
Eta, hara non, bat-batean, María Chivite pop izarra batu zitzaion, baina ez kalean. Herritarrekin egoteko denborarik ez zuen izan, baina bai gure trujalean, ateak berarentzako itxitak, jateko denbora asko eta herritarrok ordaindutako mahai batean.
Atzokoan bi gauza argi geratu ziren:
— Komunitate batek bere burua maitasunean, oroitzapenean eta sustrai sakonetan oinarrituta antolatzen denean, ezinezkoa dela ezer ezkutatzea.
— Herria, herriarekin eta herriarentzat izanen dela. Batzuentzat jasanezina izan arren.
Begietan benetako malkoekin esaten dut, eta ez Nafarroako gobernuko presidentea egin zuen moduan Belateko gaiarekin : Arroitz harrotasuna da, olibondoen ondarea, eta baita gotorleku bat ere.
Eskerrik asko… eta GOAZEN AURRERA!
