AHTren aurka eta tren sozialaren aldeko manifestazioa eginen dute Altsasun martxoaren 14an

AHTren txikizioaren aurka egiteko eta eskualde eta herriak lotuko dituen tren baten alde borrokatzeko deia egin dute Sakanatik. Altsasun mobilizatuko dira martxoaren 14an Tren Sozialaren Aldeko Plataformak.

2026-ko urtarrilak 26

Uharte Arakileko tren geltokian, AHTren eraikuntza lanen eraginez desagertzeko arriskua duen geltokian, agerraldia egin zuten donezaka lagunek tren soziala aldarrikatzeko. Sakanako bizilagunek proiektu hau ez dela bailarak eta bertako biztanleriak “behar eta nahi duen tren eredua” azpimarratu zuten, eta gaur egun dagoen azpiegiturak eskaintzen dituen aukerak baloratzeko eskatu zuten. “Ministerioak berriro ere ez du kontuan hartzen egungo trenbideak eskaintzen duen aukera, bidaiariak nahiz salgaiak garraiatzeko hobekuntza, bikoizketa eta eguneratzearen bidez”.

Tren Sozialaren aldeko plataformak, aldiz, haiek aurkeztutako alternatiba nabarmendu dute, eta lurralde-kohesioa bermatzen duela aipatu dute. Gainera, haien esaneetan, ingurumena errespetatzen du eta ekonomikoki bideragarria. Honetarako, proposatzen dute trenbide-sarea modernizatzea merkantziak trenbidez garraiatu ahal izateko eta herri eta eskualdeetako geltokiekiko konexio eta maiztasunak hobetzea. “Proposamen honekin, aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, berri batzuk irekiz, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez”.

Tren Sozialaren alternatibaren egile diren bide-ingeniariek 2025eko azaroaren 28an Espainiako Ministeritzarekin bildu ziren, baina dirudienez Ministeritzak aurkeztutako informazio-azterlanak ez du tren sozialaren alternatiba aintzat hartzen eta proposatutakoak abiadura handikoak dira soilik “beti trenbide plataforma berri bat erabiliz, nahiz eta batzuetan oraingoaren ondoan egon daitekeen”. Planteamendu honen inpaktu handia salatu dute Sakanako herritarrek. “Egungo trazadura zati batean aprobetxatzea, haren ondoan bi bideko AHTrako plataforma berri bat jarriz, ezin da ingurumen-inpaktu txikiko jardueratzat hartu, aurkeztutako proiektuan ziurtatzen den bezala”.

“Herri-plataformen eta Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortutako konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzeko asmoarekin zen azterketak, egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri-integrazio hobea lortuz”, gehitu dute.

AHTri alternatibak eta herritarren borondatea errespetatzea

Azken egunotan ezagutu da Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren-azpiegitura berriaren proiektua arriskuan dagoela diru faltagatik, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren “gure alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak inoiz baino indar handiagoa hartzen dute”.

Gogoratu dutenez, Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrietako Sakanako alkatetzen %93a planteatutako alternatiba gauzatzearen alde daudela. “Horregatik eskatzen dugu herriaren borondatea errespetatzea, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko proiektua gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea”.

Herritarren mobilizazioari dagokionez, martxoaren 14ean Altsasun egingo den manifestazioaz gain, alegazio kanpainan parte hartzeko deia egin zuten, eta hainbat bilera informatiboak antolatu dituzte bi tren ereduak ezagutzeko.

Gehiago