Bilboko kaleak presoen eskubideen alde betetzeko azken deia: Azken txanpa etxera ekartzeko
Sare Herritarrak urtarrilaren 10ean egingo den manifestazioaren inguruko hainbat zehaztapenak emateko agerraldi jendetsua egin zuen atzo Bilbon. 2026 presoak etxerako bidean jartzeko urtea izan behar dela eskatu du Sarek.
2026-ko urtarrilak 4
Euskal presoei aplikatzen zaien eskubideen urraketaren amaieraren aldeko “aldarrikapen demokratikoa eta lortutako aurrera pausoekiko gogobetetzea uztartzen” saiatuko direla hurrengo larunbatean musika, festa eta aldarrikapenarekin.
Jai giroa Bilboren zati handienera zabalduko da goizean zehar eta manifestazioaren hasierara arte, nahiz eta jarduera gehienak Alde Zaharrean izango diren. Egitarau hau prestatu dute:
• 11:30 Porrotx eta Zapotxin Bilbiko plazan.
• 12:30 NAIZ IRRATIAREN emanaldi musikatua Bilbiko Plazan.
• 12:30 Kalejirak Alde Zaharrean. Ondalan eta Usansoloko erraldoi eta buruhandiak Santiago plazatik, trikitilariak Barrenkaletik eta txistulariak Jardines Kaletik.
• 13:00 Bertsolari emanaldia balkoitik balkoira Txakur kalean (Kalderapeko eta Harrobi artean).
• 13:00 Orkresta elektrotxaranga Zamudioko atetik.
• 14:30 Kantu jira Berakatz taldearekin, Barrenkaletik abiatuta.
Manifestazioa La Casillan hasiko da, 17:00etan, eta Bilboko Udalean amaituko da. “Aurten ere, milaka pertsona bertaratzea espero dugu, politika, sindikatu eta gizarte arloko ordezkariekin batera. Beste urte batzuetan bezala, beste nazionalitate batzuetako ordezkari politiko eta sozialak izango ditugu gurekin”, adierazi zuten Sareko arduradunek.
Manifestazioari hasiera emango dion pankarta gizarte eta kirol arloetako pertsona erreferenteek eramango dute, baita euskal presoen senitartekoek eta indarkeriaren biktimak. Bukaerako ekitaldian Xabat Illarregi eta Aitor Etxeberriazarraga bertsolariek eta Pantxo eta Peio abeslariek hartuko dute parte.
2026an, azken txanpa
Ia hiru urte igaro dira urruntze-politikari amaiera eman zitzaionetik eta hiru urte, halaber, espetxeko zigorrak lehen graduan edo isolamendu-ziegetan betetzeari utzi zitzaionetik. Sarek uste du 2026. urte hau “bide luze baten azken txanpa izatea” eta behingoz lortzea euskal presoei ezartzen zaie salbuespen neurriak. Manifestazioan ideologia ezberdinetako pertsonak biltzea du helburu Sarek. “Zuzenbideaz ez ezik, giza eskubideez ere ari gara, eta horrek izan behar du batzen gaituen helburua: giza eskubideen defentsa”. Horregatik esaktzen du Sarek presoei espetxe-politika arrunta aplikatzea “euskal preso guztiek askatasuna berreskuratu” ahal izateko “bizitza berri bat” hasi ahal izateko.
“Benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek ezin die bizkarra eman beren bizitzak berregin nahi dituzten eta gaur egun preso, deportatuta edo ihesean jarraitzen duten pertsonen eskubideei, egoera horiek salbuespeneko lege eta praktika penalak eta espetxeetakoak aplikatzearen ondorioz gertatzen ari baitira. Horregatik, salbuespeneko espetxe-politikak amaitzea eskatzen dugu”.
40 urteko espetxe zigorrak bertan behera uztea
Sarek gogoratu du oraindik ere mantentzen direla salbuespen lege batzuk, 40 urtera arteko zigorrak osorik betetzeko agintzen duen legea bezala. “Lege horiek euskal presoen eskubideak urratzera bideratuta ezarri ziren, euskal gizarteak gaur egun bizi duenaz oso bestelakoak ziren garaietan. Arbuiagarriak ziren orduan, eta are arbuiagarriagoak gaur egun, egoera oso desberdina delarik”, azpimarratu zuten agerraldian.
Bestetik, arlo judizialean, aurrera egin den arren, Sarek salatu du oraindik ere errekurritzen direla espetxeetako profesionalek onartzen dituzten hirugarren gradurako progresioak “eta hori guztia gertatzen da Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala salbuespeneko auzitegi baten mende dagoelako, hau da, Auzitegi Nazionalaren mende”.
Eta espetxeei dagokienez, euskal presoen erdiek baino gehiagok askatasun-erregimenean egon beharko lukete betea duten zigor denboragatik. “Horietako askok, ordea, lau hormaren artean itxita jarraitzen dute, batzuek 25 urte baino gehiago egin badute ere preso”.
U-10 DOSSIER DIGITALA de Ahotsa info Nafarroa
