Urtarrilaren 31n mobilizatzera deitu du GKS-k, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka
Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioak antolatu ditu Iruñean eta Bilbon "gazteen artean faxismoaren aurkako kontzientzia hedatu eta Euskal Herrian faxismoari aurre egingo dion indar bat dagoela erakusteko".
2025-ko abenduak 12
Faxismoa indartsu ari dela hedatzen Europa osoan zehar eta horren froga nagusia alderdi politiko faxisten gorakada dela dio GKS-k. “Herrialde batzuetan gobernura iristea lortu dute eta gainontzeko guztietan gero eta botere instituzional handiagoa eskuratzen ari dira. Baina auzia eremu parlamentariotik haratago doa. Batetik, antolakunde ideologiko faxistak sortzen eta indartzen ari dira mendebaldeko estatuetan. Bestetik, kale mailako talde biolentoak ere ugaritzen ari dira”, dio GKS-k.
Euskal Herria ere ez dagoela joera horietatik salbo ere azpimarratu nahi izan dute. “Orain arte beste leku batzuetan baino zarata gutxiagorekin bada ere, euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa agertzen ari da”, baieztatu du GKSk. “Argi diogu, faxismoari aurre egingo diogu, datorren lekutik datorrela”.
Faxismoaren gorakada testuinguru zehatz batean kokatu nahi izan dute. “Europa gainbeheran eta gerra-testuingurua intentsifikatzen doan honetan, oligarkia atlantistak faxismoaren aldeko apustua egin du. AEBko eta Europako oligarkia berau sustatzen ari da. Alde batetik, bera baita alderdi elektoral eta think tank ultraeskuindarrak, komunikabide erreakzionarioak eta talde faxistak finantzatzen ari dena. Beste alde batetik, mendebaldeko oligarkiak norabide autoritario batean erreformatu nahi ditu estatuak, eta prozesu horretan faxismoak funtzio estrategikoa betezen du. Biek ala biek estatu autoritarioa defendatzen dute; hau da: langileon eskubide kolektiboak ezeztatuko dituen estatua, polizia indarrek botere eta inpunitate handiagoa edukiko duten estatua, eta erabat militarizatutako estatua”.
Ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea hartu du lehentasun bezala GKS-k, eta urtarrilaren 31an eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. “Faxismoa hegemonikoa bihurtzen ari den honetan, Euskal Herritik mezu bat helarazi behar dugu: faxismoari aurre egiteko prest dagoen eta indartsua den langileria dagoela erakutsi behar dugu.”
