Diktaduran eta “demokrazian” torturatutako beste 7 biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak
Iñaki Beorlegui, Amparo Arangoa, Purificación Galarza, Javier Pérez de Obanos, Pedro De Miguel, Ane Buitron eta Mikel Soto dira Gobernu Foralak onartutako biktimak.
2025-ko abenduak 10
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Torturatuen Sarea eta Egiari Zor osatzen duten Egiaren Garaia dinamikatik iragarri dute Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak, beste zazpi pertsona ofizialki aitortu dituela “giza eskubideen urraketen biktima” gisa. Errekonozimendu hauek 16/2019 Foru Legearen babespean egin dituzte.
Emandako ebazpenak “positiboki” baloratzen dituzte “estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko baliagarriak diren heinean, eta uste dugu, halaber, Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzeko ere lagungarri izan behar dutela”.
Batzordeak aitortutako tortura kasuen artean Francoren diktaduran emandako kasu bat dago, eta Transizioan izandako beste batzuk, baina baita ere 78ko Erregimena ezarri zenetik, 2002ko urtera arte. Horien artean, kasu ezanguratsu batzuk: Amaparo Arangoarena, bere gorpua morelduaren irudia eskandalagarria izan zelako 1976an Guardia Zibilaren eskuetatik pasa ondoren. Edo gaur egun Torturatuen Sareko bozeramailaren kasua, Mikel Sotorena, 2002an Guardia Zibilak atxilotu zuela. Hauek dira aitortutako pertsona guztien zerrenda:
Iñaki Beorlegui Recalde, Brigada Politiko Sozialak torturatua 1973an.
Amparo Arangoa Satrustegi, Guardia Zibilak torturatua 1976an.
Purificación Galarza Ochoa, Guardia Zibilak torturatua 1979an.
Javier Pérez de Obanos Oyarbide, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1981ean eta 1987an
Pedro De Miguel Caballero, Guardia Zibilak torturatua 1994an eta Espainiako Polizia Nazionalak 2004ean.
Ane Buitron Zazpe, Guardia Zibilak torturatua 1995ean.
Mikel Soto Nolasco, Guardia Zibilak torturatua 2002an.
Osotara, 101 pertsona dira jada orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak, Egiari Zor eta Torturatuen Sarearen datuen arabera:
- 6 hildako (horietako bat torturaren ondorioz)
- 68 pertsona torturatu
- 19 pertsona lesio fisiko eta/edo psikologikoekin
- Kalte materialak pairaturiko 2 pertsona
- Torturatutako pertsona 1 + lesio fisikoak + kalte materialak
- Torturatutako pertsona 1 + kalte materialak
- Lesio fisikoak + kalte materialak izan dituzten 4 pertsona
Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak aurkeztera animatzen jarraitu nahi dute, eta izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi dute.
Amaitzeko, Nafarroako jendarteari deialdi berezi bat egin diete igande honetan Donostiara hurbiltzeko, Mikel Zabalza dinamikaren autobusari harrera egiteko antolatu duten amaiera-ekitaldian parte hartzeko, 12:30ean Boulevardean.
