Biometano plantaren aurka agertu dira dozenaka lagun Arronitzen
2025-ko azaroak 16
STOP BIOMETANO ARRONIZ plataforma eratu berri dute herri honetan biometano-plantaren proiektua geldiarazteko eskatzeko. Udalari gardentasuna eta dialogoa eskatu diote, izan ere Udalak 2024ko abuztuaz geroztik ezagutzen du proiektua baina orain arte ez die herritarrei informazio zehatz eta osorik eman, plataformak salatu duenaren arabera. 2024ko abuztuak 17, enpresa sustatzailea nekazariekin harremanetan jarri zen, planta eraikitzea aurreikusita dagoen lurrak erosteko asmoz. “Une horretan eman zitzaion Udalari enpresaren asmoen berri. Harrezkero, ez dugu zuzeneko informazio publikorik jaso Udalaren aldetik”, salatu dute.
“Interes ekonomikoan oinarritutako biometanizazio proiektuak soilik enpresek eta erakundeek babesten dituzte”, salatu dute gaurko agerraldian, eta Nafarroan eratu diren beste plataformekin bat egitea erabaki dute. “Gure herriak, gure lurra eta gure bizimodua” defendatuko dutela ziurtatu dute.
Horretarako, Sustrai Fundazioa egiten ari den lanarekin bat egin eta eskutik egingo dute plantaren aurkako borroka. “Horri dagokionez, gogoratu eta eskertu Sustraik alegazioak aurkeztu zituela bere garaian, ezarritako epearen barruan, guk oraindik ez bagenekien etorriko zenik arazoa. Azkenean ezin badugu alegazio berririk aurkeztu, oraindik beste bide batzuk ditugu aurrera egiteko” aipatu du Plataformak.
Arronizko plataformaren esanetan plantaren proiektuan “ez dago hondakinen planik, ezta trazabilitateari buruz argitaratutako planik, eta ez dago hondakinak garraiatzeko publiko egindako proiekturik”. Ezagutzen duten bakarra da proiektuaren sustatzaileek azaldu dutena. “Ez dago ezer ofiziala”, nabarmentzen dute. “Beraz, proiektuari eta haren eraginari buruzko datu ofizialak eskatzen ditugu, herriak erabaki dezan benetan haren etorkizunaz”, exijitu dute.
