Emakumeen aurkako torturaren erabilera aitortzea eta erreparatzea eskatu du Mugimendu Feministak
Iratxe Sorzabalen kasuaren berrirekitzearen ondorioz, Euskal Herriko Bilgune Feministak, beste hainbat eragile soziosindikalekin batera, agerraldia egin du tortura sexista salatzeko eta Sorzabali elkartasuna adierazteko asmoz.
2025-ko azaroak 14
Indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela sarritan salatu izan du Mugimendu Feministak, eta horren baitan tortura sexista askotan izan dute hizpide. Horrekin batera, praktika honen Estatuen ukapena eta isilarazpena izan da nagusi.
Gaurko agerraldian, Iratxe Sorzabal Diaz euskal preso politikoari elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diote. Sorzabal otsailean eta martxoan epaitu eta absolbitua izan zen, eta epaian berak jasandako torturak onartu eta aitortu ziren. Ordura arte, auzitegi batek inoiz eman gabeko epaia izan zen. Mugimendu Feministako kideek eta manifestuaren sinatzaileek tortura horiek ikertzea exijitu dute. “Onartezina da torturak egiaztatuak izan direnean, epaitegi penal baten aldetik torturatzaileak nortzuk izan diren jakiteko ikerketarik martxan ez jartzea”.
Tortura eta indarkeri polizialaren kutsu patriarkala eta sistema errepresiboaren misoginia nabarmendu dute, eta tortura emakumeen* aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat dela eta helburu politikoekin egin dela azpimarratu nahi izan dute.
Iratxe Sorzabalen kasuan torturapean egindako deklarazioak froga gisa erabili izana inkluso gaur egungo epaiketetan deitoratu dute, eta gertatutakoa mahaigaineratzea ezinbestekoa jotzen du mugimendu feministak “memoria kolektibo baten aldeko bidean eta Euskal Herriaren eraikuntzan, gaurtik hasi eta etorkizunera begira”. Horren aldeko konpromisoa eta “egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde borrokan jarraitzeko” hautua egin dute agerraldian. “Iratxe, guk sinesten dizugu! Lanean jarraituko dugu torturak jasan dituzten euskal emakume* militanteen erreparazio osoaren alde. Justizia, memoria, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak”, aldarrikatu dituzte.
Adierazpen honekin bat egin dute Euskal Herriko Bilgune Feministak, Gazte Feministak, Iruñeko Indarkeria sexistaren aurkako emakumeon plataformak, Torturatuen sareak, Emakumeon* Mundu Martxak, Egiari zor Fundazioak eta Steilas, LAB, ELA eta ESK sindikatuek.
