Hedabideen eta eskuineko alderdien kriminalizazio kanpaina salatu eta jardun antifaxistaren zilegitasuna aldarrikatu du EHKSk
Urriaren 12an Gasteizen Falangearen aurka agertzeagatik eta Iruñean Vito Quilesek egindako deialdiari erantzuteagatik hainbat mugimendu antifaxista kriminalizazioa jasaten ari direla salatu du EHKSk. Jardun antifaxistaren garrantzia eta legitimitatea nabarmendu ditu.
2025-ko azaroak 12
Espainiako Falangearen eta Vito Quilesen ekitaldiak tarteko, deialdi horiei aurre egin zietenak jopuntuan egon direla salatu du EHKSk Iruñean egindako agerraldian. Ordutik, “antifaxismoa aktiboki bultzatu dutenen aurka” izandako kriminalizazioa salatu dute eta kanpaina horien atzean hainbat komunikabide eta eskuineko nahiz ultraeskuineko alderdiak daudela uste dute.
Jakitera eman dutenez, besteak beste, Antena 3 hedabideko kazetari batek Iruñeko Zentro Sozialistan eta Mugimendu Sozialistaren tabernan hainbat kide baimenik gabe grabatu eta jarraitu zituela. Garazi Navarrok adierazi du erreportaje hori “azken asteetako adierazpen eta albiste kriminalizatzaile” hainbaten ondoren agertu dela.
Eskuineko hedabideena ez ezik, hainbat alderdiren jarrera salatu du EHKSk. Mugimendu Sozialistaren ustez, kriminalizazio kanpainaren abiapuntuan EAJk urriaren 12ko gertakarien ondoren egindako adierazpenak daude, eta Espainiako komunikabideek horri segida eman diote. Jeltzaleen jarrera salatu du Mugimendu Sozialistak: “Programatikoki, gainera, EAJ bera ari da erreakzioaren hainbat elementu mahaigaineratzen euskal politika instituzionalean”.
Mugimendu Sozialistaren arabera, “alderdi instituzionalen hipokrisia antifaxista agerian” geratzen ari da: “Instituzioak faxismoari ateak irekitzen ari zaizkie pasibitate osoz. Prozesu hau ez du eskuinak soilik ahalbidetzen, Estatu burgesa eta faxismoa bidelagun naturalak dira langileon aurka, burgesiaren interesak eta ordena mantentzeko daude biak, eta faxismoaren helburua estatua bera indartzea da, estatu eredu autoritarioa bultzatuz. Horregatik, hain zuzen ere, faxismoa indartu baino ez da egin ezker instituzionala gobernuan dagoenetik”.
Halaber, adierazi dute “eskuin muturra sare sozialetan, komunikabideetan eta kalean nahi duen guztia” egiten ari dela, “faxismoaren apologia egiten, antifaxisten zein sindikatuen lokalei su ematen, gezur eta buloak zabaltzen, militante sozialak jipoitzen eta abar”. Horren aurrean ezker instituzionalak duen jarrera salatu dute: “Ezker instituzionalak erantzun antifaxista seinalatzen du etengabe”.
Erreakzioari, erantzun zabalak
Horrenbestez, hedabideen zein instituzioen helburua “oldarraldi faxista sustatzeko bitartekoak jartzea” eta “antifaxismoa jokoz kanpo uztea” dela nabarmendu dute agerraldian. Gainera, auzia GKS edo Mugimendu Sozialistatik haratago doala adierazi du Navarrok: “Jo puntuan dagoena arrazismoari, matxismoari, klasismoari, sare sozialen eta komunikabideen buloei eta, oro har, eduki erreakzionario guztiari erantzuna emateko eskubidea da”.
Amaitzeko, “erantzun zabalak” antolatzeko eta “oldarrialdi faxistari aurre egiteko” beharra jarri dute mahai gainean. Herri zein langile mugimenduko kideak elkar babestera deitu dituzte.
