Gazara Flotillaren Euskal Herriko ordezkariak Palestinaren alde eta Israelgo sionismoaren aurkako borrokarekin jarraitzeko deia egin du
Gaur Iruñean emandako prentsaurreko batean Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria taldeak palestinar herriaren aldeko elkartasuna biderkatzeko deia egin du.
2025-ko urriak 11
Global Sumud Flotillaren Euskal Herriko lau ordezkari Palestinaren aldeko mugimendu honetako hamaika kideekin batera agerraldia egin dute Iruñean azken ekimen honen balorazioa egiteko eta borrokan jarraitzeko beharra azpimarratzeko.
Flotillan munduko 44 herri baino gehiago egon dira ordezkatuta, eta Euska Herrian ekintza honek mota ezberdinetako 50 erakunde baino gehiagoren babesa jaso zuen. “Positiboki baloratzen dugu ekintza hau Euskal Herrian ere, eragin handia izan duelako, herri mugimenduaren babesa lortu duelako, Israelen zigorgabetasuna eta Gazan fokua jartzen lagundu duelako”, azpimarratu dute.
Genozidioa salatzeko urrats nabarmenak eman direla nabarmendu nahi izan dute, baina ez dela nahikoa ere aipatu dute. “Palestindarrek haien etxeetan lasai lo egiteko aukera izanen ez duten bitartean, ezin dugu onartu Euskal Herriko ezein instituzio, entitate edota pertsonak inolako harreman instituzionalik, ekonomikorik, kulturarik, kirolik edo sionismoarekiko bestelako harremanik izatea. Ezin dugu onartu inork negozioa egiten jarraitzea, palestinar herria mundutik ezabatzen ari den holokaustoa eta haien eskubideen urraketak besterik ekartzen ez dituzten “sasi bake prozesuak” finantzatzen. Urrats kualitatiboak eman behar ditugu zentzu horretan, desobedientzian, ekintza zuzenetan eta sionismoaren boikot kolektiboan sakondu, airerik gabe utzi arte”, aldarrikatu dute.
Palestinar herriak “bake justu eta iraunkorrerako alternatiba” izateko eskubidea duela eta horretarako bermatu behar dela lurraldetasuna, errefuxiatuen itzulera eta autodeterminazior eskubidea ere azpimarratu dute.
Euskal jendarteari datorren asteazkeneko lanuzte orokorra egunarekin bat egitera gonbitea luzatu diote. “Guztioi gonbidatzen zaituztegu kaleak betetzera eta lantokiak hustutzera, aurrekari gisa Greba Orokorra egiteko Euskal Herri osoan sektore guztietan. Mundua gelditu beharra daukagu, Palestinako herriaren eskubideak bakean bizitzea ahalbidetuko dien errealitatea izan arte”.
