#StopEU2015

2014-ko azaroak 26

Hilabete honetan, nire zutabea Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeari utzi nahi izan diot. Izan ere, azaroak 27an baterajotze nazionala deitua du Leioako kanpusean. Bologna prozesuaren jarraipena den 'Estrategia Univesitaria 2015' delakoa aplikatu nahi dute oraingoan. Baina ez da bakarrik etorriko, izan ere, estatu espainiarreko hezkuntza ministeritzatik sustatzen ari den 3+2 delakoa ezarri nahi dute ere. Azken honek graduak hiru urtetara murriztu eta masterrak bi urtetara luzatuko ditu, honek ekarriko dituen tasen igoerez lagunduta, noski.

Hortaz, hemen duzue IAren eskutik, 'Estrategia Univesitaria 2015' delakoaren azalpen txiki bat:

Unibertsitateetan emango den erreforma estruktural hau ez da kasualitate bat, ez da zerbait isolatua. Hezkuntzaren pribatizazio eta merkantilizazio prozesuaren baitan programatutako pausoek legezko forma hartzeko estrategia bat da. Europar Batasuneko eliteek 2020. urterako ezarritako helburuak betetzeko bigarren pauso bat da Bolognaren ondoren. Erreforma honek honako ondorioak izango ditu:

  1.  3+2-aren aplikazio ekarriko du. 3 urteko graduak eta 2 urteko graduondo edo masterrak jarriko dituzte. Ondorioz, graduak balioa galduko du, ikasketen prezioa handituko da eta merkatuak masterrekiko duen kontrola areagotuko da.
  2. Unibertsitatera sarrera mugatuko da. Batetik, unibertsitate bakoitzak, bere ikasleak aukeratzeko eskumena izango du, egokien ikusten dituen ebaluazio irizpideak  erabiliz. Bestetik, unibertsitate bakoitzak nahi dituen tasak eta zerbitzuen prezioak jarri ahalko ditu. Honek unibertsitatearen elitizazioa ekarriko du.
  3. Unibertsitateen arteko ezberdintasunak handituko dira. Kanpo ebaluazioen bidez unibertsitateen ranking bat egongo da (“bikaintasunaren” araberako sailkapena), unibertsitate “bikainenei” baliabide gehiago emango zaizkie. “Bikaintasunerako” irizpideak kanpo finantziazio erakartzea eta baliabideen optimizazio izango dira.

  4. Merkatuaren mesedetarako hezkuntza eta edukiak. Merkatuaren beharrizanak asetzeko edukiak gailenduko dira guztiaren gainetik. Euskarazko edukiak eta eduki kritikoak galtzen joango dira, honela, herriaren beharrizanak alde batera utziz.

  5. Unibertsitate organoen aukeraketa antidemokratikoa, enpresen esku hartze nabarmenarekin. Errektorea aukeratzeko orduan ez da kontuan hartuko honek hezkuntza arloan egindako lana, baizik eta bere prestigioa edo fama. Horrez gain, ez da hauteskunderik egongo errektorea aukeratzeko. Errektoreak bere errektoretza taldea aukeratu ahalko du eta hau izango da erabakitze organo nagusia, beste organo ia guztiak kontsultibo izatera pasako dira. Ikasleok parte hartzen dugun organoak kontsultiboak izango dira.

  6.  Errentagarritasunaren arabera karrerak gehitu/kendu. Merkatuan baliorik ez duten graduak desagertuko dira, eta finantziazioa erakartzeko gaitasuna dutenen alde egingo da.

  7. Irakaskuntza kaltetu ikerkuntzaren mesedetan. Irakasleak ebaluatzeko orduan ez da kontuan hartuko irakasgaien kudeaketa eta pedagogia eredua.

  8. Irakasleen lan baldintzak prekarizatuko dira. Irakasleen %49ra arte “a dedo” aukeratuko da, honek irakasleen arteko lehia ekarriko duelarik. Gainera, epe laburrerako kontratazio kopuruak gora egingo du.

Unibertsitatearen merkantilizazio eta elitizazioa EU2020 prozesuaren bidez bermatuko da. Bologna izan zen prozesu honen lehen pausua eta orain EU2015 erreformarekin datozkigu. Europatik datorren ofentsiba neoliberal honen aurrean beharrezko dugu ikasleok altxatu eta honen aurka borrokatzea. Izan ere, guk defendatzen dugun unibertsitate ereduaren kontrajarria da eliteek inposatu nahi digutena. EU2015ek klase, genero eta nazio zapalkuntzetan sakontzea dakar, eta horren aurrean guk herriaren mesedetara dagoen unibertsitate eredu euskaldun, parte hartzaile eta hezkidetzaile baten aldeko apustua egiten dugu.

Gehiago