Gazara Flotilla egindako erasoari erantzuteko kaleak hartzeko deia egin dute

Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak salatu du Global Sumud Flotilla Gazara zihoala Israelgo okupazio-indarrek atzeman eta erasotu izana. Gaur ikasle greba eta mobilizazioak izanen dira Euskal Herrian.

2025-ko urriak 2

Atzo gauean hasi zen Gazara Flotillaren aurkako erasoa. 44 itsasontzi osaturiko Flotillan ia 500 lagun zeuden, eta horietako 200 inguru atxilotu ditu Israelgo Armadak. Horien artean, gutxienez, bi euskaldun: Jose Javier Oses “Jotas” Burlatako bizilaguna eta Itziar Moreno bizkaitarra. Azken honek hurrengo mezua zabaldu zuen Sirius ontzia sionistek mendean hartu baino lehen:


Flotillak “laguntza humanitario ezinbestekoa” daramala gogorarazten dute antolatzaileek, eta bere helburua Gazako Zerrendaren gainean “ezarritako blokeoa kriminala” haustea dela azpimarratu dute ohar batean. “17 urte baino gehiago daraman blokeoak zigor kolektibo baten mekanismo bilakatu da, nazioarteko zuzenbideak debekatua, eta inoizko hondamendi humanitarioa eragin du”, gogoratu dute.

Flotillaren aurkako erasoa Palestinako herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan gertatzen dela azpimarratu nahi izan dute, eta honen helburua “herri oso bat” apurtzea eta “bere existentzia” ezabatzea dela salatu dute.

“Israelek itsaso zabalean misio humanitario baten aurka egindako erasoak pirateria ekintza eta nazioarteko legedia urratzen duen krimena dakar. Behin eta berriz agerian geratzen da legezko marko oro baztertuta jarduten duen erregimen baten inpunitatea, sarraskiaren aurrean isilik dauden gobernu eta nazioarteko erakundeen konplizitatearekin”, dio Global Sumud Flotillaren oharrak.

Global Sumud Flotillako ekintzaile eta tripulatzaile guztiak berehala askatzea eskatzen dute, eta atzemandako laguntza humanitarioa “berehala eta segurtasunez” Gazako biztanleriari entregatzea.

Palestinarren aurkako genozidioa eta azken eraso hau salatzeko mobilizazioak izanen dira gaurtik aurrera Euskal Herrian. Gaur, Ikasle Abertzaleak ikasle greba deitu du. Eguerdiko 12.00etan Iruñeko San Frantzisko Plazatik abiatuko da manifestazio nagusia. Bestetik, arratsaldeko 18.30etan Global Sumud Flotillak Merindades Plazan elkarretaratzea eginen du, eta 19.00etan udalen aurrean elkarretaratzeak egiteko deitu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak. Tuteran ere 19.00etan eginen da elkarretaratzea. Ostiralean, Ikama ikasle mugimenduak mobilizazioak deitu ditu ikastetxetan. Eta larunbatean, Palestinarekin elkartasuna ekimenaren eskutik manifestazio nazionala eginen da Iruñean.

Gehiago