Urriaren 25ean Bilboko kaleak Palestinaren alde betetzeko deia egin dute hamarka eragileek
Iruñean egindako agerraldia, “Gure Haurrak ere badira” ekimenak datorren urriaren 25ean Bilbon burutuko den manifestazioa aurkeztu du. Orain arte lortu ez den batasuna erakutsiko du euskal jendarteak hitzordu honetan.
2025-ko irailak 29
BDZ EH, Gernika-Palestina, Yala Nafarroa, Palestinarekin Elkartasuna, sanitarioen plataformak, sindikatu guztiak, etorkinen aldeko elkarteak, gerraren aurkako ekimenak, hezkuntzaren inguruko eragileak edota arrazakeriaren aurkako kolektiboak bildu ditu deialdi nazional honek.
“Sionismoak 77 urte daramatza palestinarren lurrak okupatzen. Garbiketa etnikoa etengabekoa izan da Nakba gauzatu zenetik eta azken 2 urteetan egoerak nabarmen okerrera egin du. Herri palestinarra kolonizazio eta genozidio baten biktima da; datuek hildakoak 65.000tik gora direla adierazten badute ere, argi dugu errealitatea are krudelagoa dela”, gogoratu dute.
Lazgarria, bereziki, haurren aurkako sarraskiak, eta zifrak hotzak badira ere, agerraldian aipatu nahi izan dituzte. Save the Children GKEak baieztatu duenez, 20.000tik gora dira haur hildakoak, beste 42.000 zauritu dituzte eta 132.000 haur txiki hiltzeko arriskuan daude. Dena den, datu hauek kolokan jarri behar dira, askoz geihago izan daitezkelako. Horrez gain, Gazako 5 urtetik beherako haur guztiak (320.000 haur inguru) desnutrizioa pairatzeko arriskuan daude, eta dagoeneko 367 pertsona hil dira desnutrizioarekin lotuta, horietatik 131 haur. Hezkuntzari dagokionez, 658.000 haur baino gehiago eskubide horretatik kanpo geratuko dira hirugarren ikasturte jarraian, eta ikastetxeen %76,6 zuzenean erasotuak izan dira. “Gure Haurrak sufritzen ari diren zauri fisiko eta emozional hauek gainera, bizi osoan eramango dituzte, eta min hau gurea sentitzen dugu”, azpimarratu dute mobilizazioaren deitzaileek.
Estatu sionistak palestinar guztiak euren lurraldetik kanporatu edo hauekin amaitzea bilatzen duela salatu dute, eta egoera honen aurrean euskal gizarteak ezin duel geldirik geratu ezta konplize izan argi utzi nahi izan dute.
Tortura eta espetxea
Adintxikikoak torturatu eta espetxeratu egiten dituztela ere gogoratu dute Gure Haurrak ere badira ekimenakoek. Datuen arabera, urtero 500 eta 700 palestinar adingabe bitartean atxilotzen ditu Israelek.
Gure Haurrak Ere Badira ekimenak herri palestinarraren aldeko elkartasuna zabaltzeko beharra azpimarratu du, eta euskal erakundeei genozidioa berehala amaitzeko neurriak hartzea eskatu die eta “Israelgo Estatu sionistarekin harreman oro etetea” ere.
Bilboko manifestazioa (17.30 Bihotz Sakratutik) honetan kaleak zapataz bete nahi dituzte “Israeleko Estatu sionistak eraildako milaka haurrak gogoratu eta genozidioa eta okupazioa salatzeko”. Bertaratzen diren guztiei zapatak ekartzeko eskatzen diete eta udaletxeraino eramatea omenaldi eta salaketa gisa.
Goizetik izanen dira elkartasun ekimenak. Eguerdiko 12etan Bilboko Alde Zaharreko Zirika Gunean (Erronda kalean) Palestinaren historiaren inguruko hitzaldia, ordu berean Askatasun Doinua Ipuin-kontaketa eta manifestazio amaieran, pailazoak, musika eta beste ikuskizun batzuk egongo dira.

