LAB: “Euskal langileek Palestinaren alde eta genozidioaren aurka erantzun ahalik eta sendoena emateko, sindikatu guztien artean ados jartzea proposatzen dugu”
LABek aukera eta beharra ikusten du urriaren 15ari begira Hego Euskal Herriko sindikatu guztien artean mezu eta mobilizazio diseinu sendo bat adosteko, eta aukera ikusten du, lanuzte orokor baten bidez, Euskal Herriko lantokiak gelditzeko. Horretarako "sindikatu bakoitzaren proiekzio eta interes korporatiboak alde batera uzteko tenorea" dela iritzi dio LABek.
2025-ko irailak 25
Euskal Herria aitzindaria izaten ari dela berresten du sindikatu abertzaleak palestinar herriaren aldeko elkartasunari dagokionean. “Azken asteotan genozidioa salatzeko mobilizazio andana izan dira. Euskal herritarren eta langileen gehiengo zabalak Israelekin harremanak etetearen aldeko aldarria bere egin du.
Aldarrikapen horiekin, LABek asteak zeramatzan eremu sindikalean ahalik eta erantzun irmo eta zabalena emateko lanean eta horren beharra gainerako sindikatuekin partekatzen”, azaldu du ohar bidez.
Testuinguru horretan, lanuzte eta mobilizazio eguna iragarri dute estatu mailan CCOO eta UGT sindikatuek. “LABek aukera eta beharra ikusten du urriaren 15ari begira Hego Euskal Herriko sindikatu guztien artean mezu eta mobilizazio diseinu sendo bat adosteko. Horretarako, sindikatu bakoitzaren proiekzio eta interes korporatiboak alde batera uzteko tenorea da, LABen ustez”.
Palestinar herria bizitzen ari den genozidioaren gordintasunak “arduraz jokatzea eskatzen du, batzen gaituen aldarrikapenean indarra egitea, ditugun desberdintasunak bigarren maila batean uztea”, LABen esanetan. Sindikatuak esan duenez, ELArekin eta gainontzeko sindikatuekin mobilizazio hauek antolatzeko aukerak aztertzen ibili da, maila pribatuan. “LABen helburua argia da: euskal langileriaren ahalik eta mobilizazio zabalena ahalbidetzea, ahalik eta erantzun irmoena, Palestinako Herriaren alde, genozidioaren kontra eta Israelekin harremanak etetearen alde”.
