«Herri beraren parte garela» oihukatzeko Izpegiko bestak ospatuko dira asteburu honetan

«Haien buruaren jabe izan nahi duten herrien alde eta gure herriaren memoria eskribitzeko» bilduko dira irailaren 19an eta 20an baigorriarrak eta baztandarrak Izpegiko besten hirugarren edizioan.

2025-ko irailak 16

Iturria: Erran.eus

Hirugarren urtez, mugak gainditzeko eta «inposaketari aurre egiteko ekintza sinboliko gisa» bi aldetatik maldak igan eta Izpegin bilduko dira irailaren 19an eta 20an baigorriarrak eta baztandarrak. Hola, Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak, eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean eta egun hauetako helburuei jarraiki, egitarau ederra prestatu dute bestetako bi egunak disfrutatzeko. Hitzaldiak, mahai inguruak, otordu herrikoiak, kontzertuak, mendi martxak… antolatu dituzte.

Hala ere, ospakizun egun bakan hauek eta hauen oinarriek, ondotik urtean zehar memorietan iraun dezatela aldarrikatu dute: «Ospakizunetik haratagoko pausuak funtsezkoak dira ideiak errealitate bilakatu nahi baditugu, egun bateko ospakizunean gelditu ez eta egunerokotasunean praktikan paratuko ditugunak aktibatzeko». Eta horren haritik «nahi den herria lortzeko erantzukizuna eta lana ezinbertzekoak» direla oroitarazi dute.

Bertzalde, «iraganaren kontakizunak oraina begiratzeko modua baldintzatzen duenez», memoria ariketa egitearen garrantzia nabarmendu dute: «Ez dugu atzendu behar aitzina egiteaz mintzatzen direnean parametro jakin batzuen bidez egiten dutela; Espania eta Frantziaren bidez, espainolaren eta frantsesaren bidez. Boteredunek zapalduei bizkar eginez eta guztiz baztertuz». Hortaz, aste honetan Izpegiko lepoan, Euskal Herriak historia propioa baduela gogorarazi dute eta historia hori kontatzeko ardurari so eginen diotela ziurtatu dute.

Bide beretik, Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioa eta Aroztegiko zazpi auziperatuak jasaten ari diren «bidegabekeria» salatu dituzte: «Zabal dezagun lau haizetara hemen gertatu dena eta gertatzen ari dena. Gogorki salatu eta oihukatu ditzagun herri libreak zapaltzen eta suntsitzen dituztenak».

EGITARAUA

2024/09/19 ORTZIRALA

19:30tan, BEREKO BENTAN
Iparretarrak: memoria kolektiboa eraikitzeko lorratzak mahai
ingurua, IK-ko kide ohiekin baita bertze militante batzuekin ere.

2024/09/20 LARUNBATA

08:30 MENDI MARTXA BAIGORRITIK IZPEGIRA

11:00 BIZIKLETA IGOERA IZPEGIKO LEPORA, BAIGORRIKO
ELIZAKO PLAZATIK ETA ERRATZUKO PLAZATIK

11:00 Pontx pailazoaren BISITARI ikusgarria

12:00 ZINTZUR BUSTITZEA BAIGORRIKO ETA ERRATZUKO
GAITEROEKIN

13:30 EKITALDI NAGUSIA

14:00 BAZKARI HERRIKOI ALAITUA INEN DA ZEIT
TXARANGAREKIN.
Txartelak salgai Basaizeako webgunean (basaizea.com), Baigorriko
Oronoz saltegian eta Erratzuko Zubi Punta ostatuan.

17:30 POTEOA 3 BENTETATIK UTXARANGA-rekin.

20:30 BATUKADA

21:00 AFARI ESKAINTZA BAIGORRIKO IKASTOLAK ANTOLATURIK

22:00 KONTZERTUAK: OLAIA INZIARTE, TXOPET eta DJ ÜZKÜLÜZ

Gehiago