Positibotzat jo dute Maria Txibitek Estatuko indarkeriaren biktimen aitortzak babestu izana

Egiari Zor fundazioa eta Nafarroako Torturatuen Sarea pozik agertu dira Nafarroako Lehendakariaren agerraldiarekin eta indarkeriaren biktima guztien aitortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

2025-ko irailak 5

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragan asteazkenean parlamentuan egindako agerraldiaren aurrean, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak “positibotzat” jo dute Nafarroako gobernuko lehendakariak aurrenekoz 16/2019 Foru Legea aipatu izana eta Motibazio politikoko biktimen Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen lana defendatu izana. Gogoratu behar da Txibitek batzorde horrek orain arte emandako aitortzei babesa eman ziela UPNk bere lana zalantza jarri ondoren.

“Hala ere, uste dugu oraindik bide luzea dagoela egiteko arlo honetan”, azpimarratu dute Egiaren Garaia ekimena osatzen duten bi eragile horiek. “Estatuko biktimok Nafarroan eta Euskal Herrian bere osotasunean, isilaraziak eta ukatuak izan gara frankismo garaian eta ondorengo konstituzio-aldian (mende honetako lehen eta bigarren hamarkadak bitarte) jasan ditugun giza eskubideen urraketa larriengatik. Isiltasuna, ukapena eta aitortzarik eza, 16/2019 Legearen bidez apurka-apurka zuzentzen ari direnak. Hala ere, oraindik ere ehunka dira egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen jarraitzen duten estatuko biktimak Nafarroan”, gogoratu dute.

Pasa den asteazkenean Txibiteren agerraldi horretan entzundako hainbat adierazpenak kritikatu dituzte. Izan ere, UPN eta PPko bozeramaileen hitzak Estatuaren indarkeriaren kaltetuak birbiktimizatzen dituztela salatu dute, eta polemikak sahiestea eskatu diete.

Bizikidetza “termino demokratikoetan” eraikitzeari begira “memoria inklusibo bat” bermatu behar dela aldarrikatu dute indarkeri era guztiak aitortuz, eta erronka horretan lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi dira Egiari Zor fundazioa eta Nafarroako Torturatuen Sarea.

Amaitzeko, Batzordearen lana erraztea eta beharrezko baliabideak ematea eskatzen dute “aurkezten diren aitorpen-izapideetan epeak arindu daitezen, hainbeste sufrimendu-urte alferrik luzatzea saihestuz”.

Gehiago