“La Vuelta” txirrindula lasterketan Israelgo parte hartzea salatzeko ekimena izanen da irailaren 2an
2025-ko abuztuak 22
RESCOPen (Palestinako Okupazioaren Aurkako Sare Solidarioa) eta BDS (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) mugimenduan integratutako hainbat erakundeek Israeli Kirol Boikota egiteko Plataforma osatu dute, eta “Genozidiorik gabeko kirola” kanpaina abiarazi dute Espainiako Itzulian Israel-Premier Tech taldearen presentzia salatzeko. Yala Nafarroak iragarri duenez, irailaren 2an Nafarroako hainbat tokietan mobilizazioak izanen dira.
“La Vuelta” hasi aurretik, palestinarren aldeko mugimenduak hainbat proposamen egin ditu israeldarren presentzia arbuiatzeko. Unipublic enpresa antolatzaileari gutun bat bidaltzea, Itzulia igarotzen den udalerrietako udaletara gutunak bidaltzea Israelgo taldeak parte hartzen badu antolakuntzan ez laguntzeko eskatzeko edota txirrindulariei eskutitzak bidaltzea, lehiaketatik ken daitezen edo, halakorik ezean, Palestinako herriari elkartasuna adieraztea.
“Israeli Kirol Boikota egiteko Plataformatik herritarrei dei egiten diegu argi eta modu baketsuan erakuts dezaten Israel Itzulian egotearen aurka dagoela. Era berean, Nazioarteko Zuzenbidea betetzea eta Israel nazioarteko lehiaketa guztietatik isolatzea exijitzen dugu, Palestinako herriaren aurkako okupazio, apartheid eta genozidio politikengatik”, adierazi dute. Herritarrei zuzendua, atxikimendu kanpaina abiatu dute, eta hainbat hitzordu finkatu dituzte irailaren 2rako.

