“Deia zabaltzen diegu emakumeei, espazio publikoa okupatzeari, Sanferminak ere gureak direlako”

Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak, Peñen Federazioak eta Iruñerriko Mugimendu Feministak agerraldia egin zuten atzo Udaletxe plazan. Bertan, azaldu zuten aurtengo sanferminetan ezingo dutela protokolo berria erabili, aurrekoa berrikusten eta aldaketak egiten ari baitira. Eta gauzak horrela, Iruñerriko mugimendu feministaren lana balioan jarri dute. Bestalde, mugimendu feministak telefono zenbaki bat (660 34 46 92) eta helbide elektroniko bat (nomasviolenciasexista@gmail.com) jarriko ditu eskura, azaldu duten bezala: "emakumeek eta sexu-genero disidenteek, nahi izanez gero, euren erasoen berri eman diezaioten mugimendu feministari". Gainera, bi mobilizaziorako deialdia luzatu dute: alde batetik, uztailaren 4an, ostirala, Baratxuri plazatik abiatuko den manifestazioa, 23:00etan, 'Matxirulos, se os acabó la juerga; feministok antolatuta gaude' lelopean. Bestetik, Feministok Fest egingo dute uztailaren 11n. Eta bukatzeko, deia zabaldu diete emakumeei espazio publikoa okupatzeari eta nahi duten moduan Sanferminetaz gozatzeari, jaiak ere emakumeenak direlako.