Egia da, zerbait aldatu da
2014-ko martxoak 15
Gurean zer edo zer aldatu dela ikustea asko kostatzen zaion horietarikoa naiz ni ere baina azken aldian inguruan gertatutakoek pentsatzera eraman naute eta ondorio hau atera dut: zerbait aldatu da, egia da.
Azken aldian Leitza aldean espainiar gobernuak dituen morroirik finenak gogotik egin dute lan. Betiko autoan, betiko uniforme berde berdina eta betiko jarrera lotsagabe eta arroa erabiliz egin dute baina dagoeneko ohituta gauzkaten metodoak alde batera utzita. Papera eta boligrafoa armatzat hartuta eta esku artean duten argazki edo bideoren batekin lagunduta espainiar erreinu zaharkituarentzat 12.000 € bildu dituzte.
Hau da aldatu dena, hau da gobernuak hartu duen bide berria. Kolpeak isunengatik aldatu dituzte eta ubeldutan kontatzen genuen errepresioa dagoeneko eurotan zenbatzen gabiltza. Espainiar gobernuak erakutsi digu zein den bere bide berria Euskal Herriaren asimilaziorako, kolpeka isildu ez duen herria zigor ekonomikoekin isildu nahi du.
Ez dut kasualitateetan gehiegi sinesten eta pentsatzen hasita nago orain dela hilabete batzuk barne ministroak, Jorge Fernandez Diazek, Leitzara egindako bisitak zer ikusia eduki duela bat bateko aldaketa honekin. Badaukat hau pentsatzeko arrazoi bat baina gehiago eta bat azpimarratzearren … hau esango nuke: Leitzako kuarteleko okupak ez dira inoiz izan bigarren planoan egotearen maitale. Nahiago izan dute begiraden erdigunean egon eta pelikulako izar izan. Horretarako imajina ezinezko gauzak egitera iritsi dira. Azken urteetako larriena atentatu baten simulakrua.
Honelako istorioak medio herri honek behin baina gehiagotan esan du nahikoa dela; behin baina gehiagotan egin du bere alde hemendik leloa eta oraingoan ere ez da ezer aldatuko. Gure zaharrek esaten diguten bezala, betiko lepotik burua. Eraso berri honi, aurreko askori bezala, herri gisa erantzungo diogu: elkartasunez, auzolanean eta inoiz baina sinesmen handiagoarekin. Lehenengo zita martxoaren 29an izango dugu iluntzeko 19.00etan egingo den manifestazioan.
Ez nuke agurtu nahi azken gauza bat esan gabe uniformedunei eta baita gorbatadun agintariei ere. Bidali nahi duzuen guztia: ministroak, poliziak, ejertzitoa eta baita erregea bera ere makulu eta guzti, denei esandako berbera esango diegu: ez zarete ongi etorriak.