Nola idatzi nobela bat hamabi urtetan eta amaieran poto egin
2014-ko martxoak 13
Edonor izan daiteke nobelari. Ez da horretarako dohain berezirik behar. Irudimena piztu, gaia aukeratu eta horren gainean fikzioa sortzen asmatu, eta idazteari ekin. Hori bai, nobela bat idazten ari denak argi izan behar du horixe, nobelagintzan ari dela, eta ez abokatutzan edo epaile lanetan, adibidez. Zeren eta sortzaile batek, demagun Baltasar Garzon izen artistikoa hartzen duen ipuin sortzaile batek, bide berri horretan jauzia egin eta nobela historikoa idazteko erabakia hartzen duenean, gerta daiteke aurretik prest daukan material bat nobela horretara ekarri nahi izatea, 18/98 sumarioko kontu zaharrak, agian.
Hala egiten du eta hasten da, beraz, Herriko Tabernak izeneko nobela historikoa idazten. Inpresio handiko gaiak beharko ditu hasieratik. Badauka: Herriko Tabernek ETAren finantziazioa ziurtatzen dutela. Hasiera fuertea da, gero! Beno, gehitzen zaizkio beste hari batzuk, endredo-nobelaren generoak hala eskatzen baitu: garbiketa etniko apur bat. Eta irakurlego zabalaren txaloak erraz lortzeko, beste hau: terrorismo etarrak Espainiari ekarri dion balizko kalte ekonomiko erraldoia nola ordainarazi errudunei, espainiarren gustuko den amaiera arrosa gozoa ziurtatuz. Bikaina planteamendua!
Protagonistak orain: gaizto oso oso gaiztoak, hauek baitakarte publiko zabalaren arreta morbosoa. Bai, Mahai Nazionaleko hamaikatxo buru, eta zenbakiak borobilduz, hango eta horko herri-tabernari eta abarrak, orotara berrogeiko taldea osatu arte. Berrogei: zenbaki borobila, edozein nobelatarako kopuru egokia. Eta titulu kabalistikoa emango dio: “35/02”. Misterio kutsua. Suspensea…
Hasi da gure sortzailea nobela osatzen 2002ko aspaldiko urtean, baina ez dio asmoak aurrera egiten. Zazpi urte pasa ondoren, polizia-buruengana jo du laguntza eske : “baina ze lotura egin daiteke Herrikoetatik ETAren finantziaziora?”, galdetzen die, estu.”Batere ez, jauna”. “Batere ez? Orduan?” Horixe bada, ahalegin guztiak alferrik, azkenean poto egin duela. Eta nola ematen zaio amaiera nobela txar bati? Bada, epaiketa batera deituaz. Horixe egiten du atoan: bost egunetara, 2008ko apiril hartan, protagonista guztien aurkako autoa idatzi du: zigorra guztiontzat!
Baina jakina, instrukzioaren porrotak epaiketaren bistaren porrot handiagoa dakar atzetik. Eta zer egin potoaren porrota zuzentzeko? Badago: sententzia on bat idatzi.
Baina nola idazten da hamabi urteko nobela txar bat itxiko duen sententzia on bat?