Etxauribar Klima eta Burujabetza Zergatik? Zertarako?

Fulgen Sutil

Etxauribar Klima eta Burujabetza taldea

2026-ko apirilak 29

wind farm and solar energy under the sunny sky

Aldaketa klimatikoaren kezkak eta trantsizio energetikoan aurrera egiteko beharrak bultzaturik bailarako hainbat lagun Etxauribar Klima eta Burujabetza taldea osatzeari ekin genion.

Duela urte gutxi batzuk arte aldaketa klimatikoa gizartean guztiok partekaturiko ebidentzia zirudien arren, adostasun zientifikoan oinarritua, egun gaiarekiko eta bere larritasunarekiko nolabaiteko nekea eta axolagabekeria antzeman daiteke.

Gure egungo kezkak egunerokotasunari loturikoak dira: etxebizitzarako sarbide aukerak, alokairu puztuak, soldata eta lan baldintzen prekarietatea, osasunbidea, hezkuntza eta zerbitzu publikoen gainbehera, ultraeskuinaren populismoa eta demagogia… besteak beste. Eta egiari zor, ez dira alde batera uzteko modukoak.

Baina horiek guztiekin batera badugu ere oso kezkagarria den larrialdi klimatikoa eta honek premiazko erabakiak eskatzen ditu. Aldaketa klimatikoaren ondorioak argiak dira: euri jasak, sute kontrolaezinak, bero jasangaitza, negu epelak eta lehorteak. Klimaren goi bileren inguruko informazioa iristen zaigu, hala nola Pariskoa (2015), Glasgowkoa (2021), edota azkena Belemengoa, Brasilen (COP30), 2025. urtean, baina badirudi gaiarekin lotura galdu eta kitzigarri baino aspergarri zaigula. Premiazko transtsizio energetikoaren paradigmapean, fosilen kulturan ainguratuta jarraitzeak kezkatzen gaitu, zeharo larriak diren indikatzaile zientifiko guztiei muzin eginez. Badirudi ohartu ere ez garela egiten. Gasoilaren ohitura guztiz gurekotu dugu, hain errez eta eroso betetzen dugu galdara edo kotxearen depositoa, hegaldiak ere hain ohikoak bilakatu zaizkigu; petrolioaren konfortak alfertu egin gaitu eta horren alternatibak eraikitzea kosta egiten da.

Fosilen kultura honek menpekotasun energetikoa eragiten du eta subiranotasun minimoa izan nahi badugu hainbat eraldaketa beharrezkoak dira, eta ez soilik norbanakoenak edo autokontsumo mailakoak, ikuspegia gizarte mailara zabaldu behar da, honek dakarren eskala aldaketarekin.

Ezer ez egitea indarrean den ereduaren alde egitea da, erragai fosilen alde alegia.

Helburua ez da egungo energia fosil guztia berriztagarriengatik ordezkatzea. Ekoizpen eta kontsumo eredu berri bat hausnartu behar da. Lur planetako iparraldean neurriz eta moderazioz konstsumitzea, energiari dagokionez baina baita orokorrean ere, etorkizunerako artizarra izan behar da.

Berriztagarrien ezarpena larrialdi klimatikoaren eta menpekotasun energetikoaren soluzioaren parte izan behar da.

Edozein partehartzek gaiaren inguruko informazioa beharrezkoa duenez, “Trantsizio energetikoa. Erronkak eta Aukerak” izenpeko hiru hitzaldi antolatzea erabaki genuen.

Horien bitartez begirunezko eztabaida anitz eta aberasgarria zabaltzen saiatu gara, zorroztasun zientifikotik aldaketa klimatikoaren erronkak, hauei nola aurre egin eta paradigma energetikoa aldatzearen beharra azalduko zituena.

Mahai-inguru bat antolatzen ere saiatu ginen, baita kale egin ere: Greenpeacek baino ez zuen parte hartzea baieztatu. Sustrai Erakuntzak lan zama handia argudiatu zuen, Klima Fundazioak ez omen zuen pertsona egokia aurkitu eta Ekologistak Martxan erantzun ere ez zuen egin.

Tempus fugit. Premiazkoa da alferkeria alde batera uztea eta balizko ibilbideak ulertzeko ezinbestekoak diren hainbat kontzeptu argitzea.

Argi dago bere horretan jarraitzea ez dela soluzioa.

Taxuzko alternatiba eraiki beharko dugu egun esku artean ditugun baliabide tekniko, sozial eta politikoekin, edozein aldaketak kostuak ere izan ditzakela onartuz. Alternatibak hemen eta orain sortu behar dira, gure koordenatu politiko eta sozialen baitan. Hau da gure errealitatea.

Gure talde lanaren bitartez aldaketa klimatikoaren eta erregai fosilak berriztagarrien bitartez alboratzeko beharraren inguruko adostasuna bilatzen dugu.

Hortik aurrera, balizko aukerak zeintzuk diren aztertu nahi ditugu, izan ere, eredu berriztagarri guztiak ez dira berdinak.

Guk herri partehartzea oinarri duten ereduen aldeko apostua egiten dugu, norbanakoak, udaletxeak, energia komunitateak eta, finean, gizarte zibila bilzen dituena.

Alternatiba eraginkorrak, lurrarekiko begirunez jokatu eta espekulazioaren aurrean pertsonen alde egiten dutenak dira bilatzen ditugunak. Ereduak non dirua ez den pizgarri bakarra.

Hau eraiki egin behar da enpresa elektriko eta espekulatzaile handien parez pare jarriz.

Gai hauen inguruan planteatzen den oro Herri Subirano eta Burujabe izatera hurbilduko gaituzteen aldaketen testuinguruan aztertu behar da. Horrexegatik, proiektuen jabetzak publikoak izateak ekoizpen baliabideak langileriaren esku izatearen ametsa pizten digu. Hitzaldietako batean Xan Lópezez honela zioen: “berriztagarrien borroka gaur ematen ari da, indarrean den sistema kapitalistaren barruan”, horrek dakarren guztiarekin: arima zekena eta dirua bihotz duen sistema.

Borroka sistema kapitalistaren baitan emateak ez du esan nahi irabazteko ezer ez dugunik.

Etxebizitza alorrean etxebizitza parke publikoen, alokairu edo alojamendu kooperatiboa eta lurraren erabilpen lagapenaren alde egiten dugun modu berean, hots, jabetza pribatuaren alternatiba diren horiek, trantsizio energetikoan ere aberastea helburu duten ereduen alternatibak eraiki behar ditugu. Egungo eredu hegemonikoaren aurrean, “diru-gosea” deritzoguna, eredu “sozial” baten alde egiten dugu, araudi eta lege egokien bitartez udaletxeen, energia komunitateen, enpresen eta herritarren parte hartzea bermatuko duena.

Era berean, interes orokorraren alde egitearen betebeharra dela eta, administrazioak etxebizitzen eta erainkin publikoen (ospitaleak, hezkuntza zentroak, kirol eta kultur instalakuntzak, etb.) efizientzia energetikoa hobetzeko baliabideak eskeini behar ditu. Mugikortasunaren erronkari ere heldu behar dio, garraio publikoaren aldeko apustu sendoa eginez, mugikortasun partekatuko ekimenak sustatuz, tren sozial baten alde eginez eta AHTa bezalako proiektu handiki eta zahartuak alboratuz.

Modu berean, administrazioak udalen proposamen ezberdinak koordinatu eta Herrialde ikuspegiz lurralde plan ezberdinak diseinatu behar ditu. Plan horrek energia instalakuntzen jabetza edo usufruktua publikoa izatea bermatu beharko luke, diru-goseak mugiarazten dituen espekulatzaile eta enpresa elektriko handiak ekidinez. Jakin badakigu mahaijokoa kapitalista eta neoliberala dela, baina hau desegiten joateko aukera era badugu energia berriztagarrien jabetzan partehartze publikoko ereduak eraikitzeko gai baldin bagara.

Etxauriko Udalaren ekimenez martxoaren 30 eta maiatzaren 4 bitartean garatzen ari den “Sarbil: Lurraldea, Energia eta Etorkizuna” hausnartze prozesua bertaratzen diren herritarrek eta erakunde guztiek euren iritzia begirunez eta lasaitasunez zabaltzeko baliagarria izatea espero dugu.

Gehiago