Euskal Herriko pentsionistek apirilaren 5ean kaleak hartzeko deia egin dute
Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan manifestazioak deitu dituzte soldata eta pentsio duinak eskatzeko. Gutxieneko pentsioak eta soldatak bidezkoak izan behar direla aldarrikatuko dute.
2025-ko martxoak 12

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazioak eginen ditu apirilaren 5ean ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CCOO eta UGT sindikatuekin bilerak egin eta gero. Pentsionistek aurrerapauso bat eman nahi dute eta pertsona, langile eta pentsiodun guztiak bildu nahi dituzte mobilizazio hauetan.
“Pertsona guztiak dira ezinbestekoak eta ongi etorriak izango dira; guztion esku dago aberastasunaren bidezko banaketan oinarritutako gizartea eraikitzea. Onartezina da finantza eta energia enpresa handiek etekinen errekorrak lortzen dituzten bitartean gero eta langile eta pentsiodun gehiagok gizarte bazterkeriara eta pobreziara eramaten dituen soldata- eta pentsio- sarrerak izatea”, dio Pentsiodunen Mugimenduak kaleratu duen oharrak.
Alderdi politiko eta prentsa batzuen “narratiba faltsuak” salatu nahi izan dituzte. “Gazteen interesak eta pentsiodunen interesak kontrajarri nahi dituzte, eta bigarrenei beren diru-sarrerak lehenengoen diru-sarreren kontura hobetzea leporatzen diete”.
Pentsiodunek, ordea, soldatak eta pentsioak duinak izan behar direla eskatzen dute. “Gaurko soldata duinak dira pentsioen sistema publikoa eusteko bermerik onena”. Bestetik, emakume pentsiodunen egoera onartezina dela ere salatu dute.
“Ezinbestekoa da politika ekonomiaren egungo norabidea aldatzea, aberastasunaren banaketa zuzena bermatzeko” eta horrekin batera gutxieneko soldata, pentsio eta sistema publikoaren zerbitzu duinak lortzeko.
Gehiago

Erretiratuek pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatu dute

Pentsiodunen Mugimenduak borrokan jarraituko du 1080 €-ko gutxieneko pentsioa lortu arte eta gutxieneko soldatari begira
