Etxebizitzaren aldeko borroka, ziklo berria eta Euskal Herria
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea
2025-ko otsailak 20

Adierazpen hauen bitartez, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak zenbait konturi buruzko hausnarketak eta posizioa helarazi nahi genituzke: etxebizitzaren aldeko borrokaren egungo erronkak, Estatu espainoleko etxebizitzaren aldeko mobilizazioak eta Euskal Herriko borroka-ziklo autonomoa antolatzeko beharra, hain zuzen.
Espainiako estatuko etxebizitza sindikalismotik apirilaren 5erako deitutako mobilizazioei ongi etorria eman nahi diegu. Etxebizitzaren aldeko borrokan izaera antikapitalista duen adierazpen ororekiko elkartasuna mahai gainean jarri nahiko genuke, gero eta nabarmenagoa baita hau dela etxebizitza eskubidea unibertsala izan dadin jarraitu beharreko bidea.
Hala eta guztiz ere, oraingoan Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Saretik gure plangintza, Euskal Herrian territorializatua, aurrera eramatea lehenesten dugu eta ez gara deialdi honen parte aktibo izango.
Guretzat, etxebizitzaren aldeko borrokaren errotze territoriala Euskal Herria da (klase borrokaren gainerako adierazpenena bezala), eta hura klase borrokaren marko autonomo gisa ulertzen dugu, hau da, gure espazio geografiko eta politiko gisa. Izan ere, jakin badakigu borrokaren marko territorialak ez duela soilik bere “forma” baldintzatzen, baizik eta haren “edukia” baldintzatzen eta moldekatzen duela (helburuak, estrategia, antolakuntza markoa edo borrokaren subjektua). Horregatik, gure apustu eta erronka nagusia Euskal Herrian etxebizitzaren aldeko mugimendu eta ziklo autonomo bat aktibatzea da.
Honetarako, kontuan hartu behar ditugu borroka honek gure herrian izan duen ibilbidea eta egungo baldintzak. EHko etxebizitzaren aldeko mugimendua gaztea da eta eraikuntza fasean dagoela uste dugu, estatuko beste territorioekin konparazioan. Abenduan kalera irten ostean, orain bete beharreko papera gure herriko koiuntura, testuinguru eta berezitasunetan errotzen den borroka eraikitzea dela uste dugu, eta bide horretan pausoak ematea izango dugu hurrengo zikloko lana.
Hori dela eta, gure agenda propioa eratzearen beharra nabarmendu da oraingo deialdiaren aurrean, eta helburu horretan lanean jarraituko dugu. Etxebizitza eskubide unibertsalaren alde eta negozioaren kontra kaleetan, sareetan eta gatazketan topatuko dugu elkar!