Lekarozko Aroztegiako UGPSa lehenbailehen geldiarazteko 900 sinadura aurkeztu dituzte
Proiektua aurkeztekotan, bertze herritar guztiek egiten duten bezala Baztango Udaletik aurkeztea ere eskatu dute.
2015-ko urriak 18
Aroztegia…eta gero zer? Plataformaren izenean, Nafarroako Gobernuko erregistroan, aste batean Baztanen lortutako 900 sinadura aurkeztu dituzte urriaren 16an, ortziral goizean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari Lekarozko Aroztegia eremuan egin nahi den UGPSa gelditzeko eskaerarekin batera.
Lekarozko herriak, Baztango Batzar Nagusiak eta sinatu duten herritarren eskaera betetzea eskatu dute. Sinatzaileen ustez, «onartezina eta aldaketaren kontrakoa da proiektu hau UGPSa bezala tramitatzea. Proiektuaren izaeratik haratago Lekaroztarrei eta Baztandarrei erabakitzeko eskubidea ebasteko egindako tramite hutsa izan da».
UGPSa lehenbailehen gelditu eta proiektua aurkeztekotan, bertze herritar guztiek egiten duten bezala Baztango Udaletik aurkeztea eskatu dute. Horren ondotik, eztabaida soziala abiatzea eta erabakitzeko eremua edota modua Baztanen erabakitzea ere eskatu dute, «iruzurrik gabe, faborezko traturik gabe eta joku zikinik gabe».
Aroztegia… eta gero zer? Plataformak aprobetxatu nahi du Alduide Mendiko koordinakundea zein Zilbeti Bizirik zoriontzeko, «lortutako garaipenarengatik, baita beraiekin batera Zilbetiko meategi proiektuaren bidegabekeria gelditzeko borrokatu diren guztiei ere. Aroztegiarekin bezala, iruzurrean eta bidegabekerian oinarritutako proiektuak, Nafarroan tokirik ez dutela erakusteko borrokak emaitza onarekin bukatzea poztekoa da guztiontzat».