Familia bat etxegabetu nahi du funts putre batek Arizkunen

Bi adin txikiko dituen famili batek etxegabetu nahi dutela salatu du Mendialdeko Etxebizitza Taldeak. Abenduaren 14ean Bilbon eginen den manifestazioan parte hartzeko deia ere zabaldu dute.

2024-ko abenduak 1

Duela bi hilabete salatu zuten bezalaxe, Arizkunen familia bat etxetik bota nahi du putre funts batek, tartean bi adin txikiko. Mendialdeko Etxebizitza Taldeak azaldu duenez, etxegabetzeak aurrera segitzen du nahiz eta denbora irabaztea lortu duten. “Salatu nahi dugu ere, familiak presioak jasan dituela bankuaren eta putre funtsaren partetik: akordio extrajudizial batera iristeko presionatuak izan dira etxebizitza utzi dezaten miseriazko lau sosen truk. Noski, ez da akordiorik egon, familiak ez baitu deus egiterik diru horrekin, bizitoki-alternatibarik gabe”, dio Etxebizitza Taldeak.

Ohartarazi dutenez seguruenik hau ez dela izango Baztango etxegabetze kasu bakarra. “Gizarte kapitalista krisian den honetan, gizartearen polarizazio ekonomiko eta soziala geroz eta nabariagoa da: etxebizitzaren negozioak irabazi handiak sortzen ditu alde batean, eta langileriaren geruza geroz eta zabalagoen pobretzea bizkortzen da bertzean. Bizitzaren garestitzea orokortua den honetan, geroz eta gehiago dira beren bizi baldintza oinarrizkoenak ere ukatuak dituztenak, eta hoien artean dira, noski, etxebizitza merkatutik bortxaz kanporatuak direnak”.

Etxebizitzaren negozioa “politika instituzionalek” ez dutela konponduko uste dute, eta etxebizitza “eskubide unibertsal, doakoa eta kalitatezkoa” aldarrikatu dute. Abenduaren 14ean Bilbon eginen den manifestazioan parte hartzera ere gonbita luzatu dute Mendialdeko Etxebizitza Taldetik. Talde hau eta Baztanen Bizi Nahi Dugu ekimena elkarlanean ari direla etxegabetzearen kontra ere iragarri dute, eta aurrerantzean eskualdeko etxegabetze kasuak jaso, artatu eta hauen kontra mobilizatzeko helburuarekin, telefono zenbaki eta helbide elektronikoak jarri dituzte martxan:
mendetxebizitzataldea@gmail.com
664 00 91 63

Gehiago