Karmele Solaguren sakabanaketaren biktima dela ofizialki aitortzeko unea dela aldarrikatu dute

Abenduaren 6an, eguerdiko 12:00etan ‘Karmele Gogoan, Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea’ lelopean manifestazioa eginen da Barañainen.

2024-ko azaroak 27

2024ko abenduaren 6an, 20 urte beteko dira Karmele Solagurenek dispertsio politikaren ondorioz bizia galdu zuenetik. Dispertsioak Barañainen iraun zuen 36 urteetan, 5 milioi kilometro baino gehiago egin behar izan zituzten bertako bizilagunek 45 minutuko bisitak egin ahal izateko izateko euren senide eta lagunekin. Gaur eman dituzten datuen arabera, 9 ezbehar izan ziren urte horietan, batzuk larriak. “Ezbehar horien artean, Karmele Solaguren bizia galdu eta Jose Luis Guerra bere bikotekidea larri zauritu zen, euren semea Ekain Madrilgo kartzela batean preso zelarik bisita egitera zihoaztenean”, gogoratu dute Karmele Gogoan ekimeneko lagunek.

Sakabanaketa politika horren biktima guztiak izan dituzte gaur gogoan: Sara Fernandez nafarra, Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Antxoni Fernandez, Jose Mari Maruri, Mari Karmen Salbide, Ruben Garate, Iñaki Saez, Asier Heriz, Argi Iturralde, Iñaki Leo Balerdi… “Ez zen kasualitatea izan, saihets zitezkeen heriotzak izan ziren”, deitoratu dute.

Sakabanaketa politika amaitu den honetan, politika honek eragindako biktimak ofizialki aitortzeko unea dela aldarrikatu dute. “Karmele bezalako kasu batzuetan, eta urte luzez auzokideen eta herritarrek aurrera eramandako borrokei esker, tokian tokiko Udalek aitortza egin diete, baina Nafarroako erakunde nagusiek Karmele Solaguren eta bere familia dispertsioaren biktima gisa aitortzeko pausoa emateko unea da”, eskatu dute.

“Aitortza ofiziala egiteko garaia da, erreparazioaren bidea ireki eta ez errepikatzeko bermeak finkatuko dituena”, eta herritarrei, ordezkari politiko, sindikal eta sozialei datorren abenduaren 6an, 12:00etan ‘Karmele Gogoan, Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea’ lelopean, Barañaingo Udaletxe plazatik abiatuko den manifestaziora parte hartzeko deia egin diete.

Gehiago