Euskaraldiaren 4. edizioa aurkeztu dute Iruñean, “ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin” datorrena

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa, Elkar mugituz egingo dugu lelopean. Antolatzaileek eraldaketa proposatu dute egiteko moduetan, “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” izan dadin.

2024-ko urriak 24

Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea) aurkeztu dute udaberrian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, egingo den laugarren Euskaraldia. Edizio berriak izango dituen ezaugarri nagusiak ezagutu ahal izan dituzte ekitaldira gerturatu diren erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek.

“Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da Euskaraldia”, hala definitu du Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok ariketa bera. Izan ere, eta emandako datuen arabera. 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Gainera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna aski frogatuta geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan. Hala ere antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute Euskaraldiak ere badituela bere mugak. “Euskaraldia ez da kanpaina huts bat: ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa”.

Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea proposatu dute antolatzaileek: reset egitea, berrabiaraztea. Izan ere, azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu. Bada, antolatzaileek ausardiaz eta gogoz heldu diote erronkari. 

“Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” bat nahi dute. Ez dute nahi Euskaraldia egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala izaterik. “Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” zabaldu egin nahi dute, denboran eta gizartean. 

Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dute. Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, alegia. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu nahi dute. 

Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko honek mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu; herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu. 

Euskaraldia: elkar mugituz egingo dugu

Laugarren edizioaren leloak berak –elkar mugituz egingo dugu– aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. “Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz”, azpimarratu du Urkijok. Euskaraldiko koordinatzailearen hitzetan, lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. “Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da”, azaldu nahi izan du. 

Baina jarrerak bakarrik ez, emozioak ere mugitzen ditu Euskaraldiak, sakontasun emozional kolektiboa du. “Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik”, nabarmendu du Urkijok.

Euskaraldia festa bat ez den arren, ariketa gozamenetik ere egin daitekeela azpimarratu dute antolatzaileek, euskaraz bizitzeko gogoz ari den komunitate bat garela sentituz eta ospatuz. “Emozioek eta umore onak eramangarriagoa egingo dute estres linguistikoa”, adierazi du Urkijok. “Norbere buruari erronka zehatz egingarriak ezartzea, eta elkar mugituz, ariketaz gozatzea da edizio berriaren proposamena”.

Mezu hori islatzen du Euskaraldiaren iruditeria berriak ere. Euskarri berrietan, herritarrak erabateko protagonistak dira, asko eta askotarikoak dira, eta mugimenduan daude: hitz egiten, elkarri eragiten, elkar emozionatzen eta, nola ez, elkar mugitzen ikusten dira. Marko bizi, organiko, koloretsu, fresko, alai eta pop(ular) batean kokatu da Euskaraldia. 

Ariketaren esentziari eutsi

Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo da, eraginkorra baita: partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: “nirekin egizu euskaraz, lasai”. 

Horrela, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan: hala nola, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.

Euskaraldian parte hartuko duten herriak dagoeneko hasi dira izena ematen, eta zenbait herritan jada 4. edizioa irudikatzen hasita daude. Horren erakusgarri izan dira, Iruñeko Txantrea auzoko batzordekide Dabid Dominguezek oholtzatik egindako hitzak: “Euskaraldia izan dadila jendea erakartzeko mugimendu bat, ur-zurrunbilo moduko bat, euskara bera erdigunean dela; horrela, euskaradunak gure artean konplizitate horrekin harreman atseginagoa izanen dugu, euskaradun bidean direnak haien asmoan sendotuko dira eta erdaldunei zerbait galtzen ari direlako susmoa piztuko zaie”. Auzoan bertan egiten duten lanari ere egin nahi izan dio erreferentzia: “Gure kasuan, auzoan eta, oro har hirian, ikus dadin badela komunitate nahiko zabala ilusioarekin bizi dena, alaia eta eskuzabala. Ez dugu eskatuko edo behartuko; guregana bildu nahiko dira”, azaldu du.

Herriekin batera, gaurtik aurrera, entitateek ere Euskaraldian izena emateko aukera izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera.

Erakunde eta gizarte eragileen elkarlana oinarri

Euskaraldiaren antolaketaren oinarrietako bat elkarlana izango da laugarren edizioan ere. Hori dela eta, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijorekin batera, ekimenaren Koordinazio Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Han izan dira, Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Irati Iciar, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behoteguy. 

Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak ariketaren xehetasunak azaltzearekin batera, “Euskaraldia behar-beharrezkoa” dela esan du, eta hainbat argudio zerrendatu ditu; hala nola, euskararen erabilera erdigunean jartzeko gaitasuna; kontzientzia linguistikoa pizteko baliagarria izatea; hizkuntza ohiturak auzitan jartzeko ahalmena; euskararen aldeko kanpaina izaera gainditzea; eta euskaldun aktiboak ahalduntzen eta euskaldun pasiboak prestigiatzen eta motibatzen laguntzea. “Ariketak, gainera, euskara agenda eta iritzi publikoaren lehen lerroan jartzea lortzen du, eta gainera, nazio mailakoa eta masiboa izanik, euskaldunok batzen gaituen ekimena ere bada”, nabarmendu nahi izan du. 

Ariketaren baliagarritasunarekin bat etorri da Maider Behoteguy. Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria euskara ikasten ari da, eta “belarriprest hasiberri gisa” arituko dela azaldu du: “Zuen aitzinean naiz, euskararen aktibazioan parte hartzeko, ikasle eta hautetsi gisa”. Behoteguy euskaraz lasai aritzeko gune eta uneen garrantziaz mintzatu da, eta testuinguru horretan kokatu du ariketa aurkeztu berria: “Garrantzitsua da presentzia emendatzea eta euskara erabiltzeko tokia zabaltzea, urduritasunik gabe egiteko. Euskaraldia bezalako egitasmoak euskarari gizartean behar lukeen tokia emateko baliosak dira”.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, bere aldetik, “egitasmo handi honen bihotzari”  erreparatu nahi izan dio: elkarlanari, alegia. “Edizioz-edizio errotuz joan da, eta esan daiteke aro berri bati hasiera eman zaiola. Denek parte hartzen dute, denok parte hartzen dugu, bakoitzak bere esparruan asko eskaini baitezakegu. Erakutsi dugu, beraz, dikotomietatik haratago, bata ala bestea baino, biak direla garrantzitsuak. Batez ere, lankidetza horren ondorioz sortzen denak gizarteari bikoitza eskaintzen diolako”, azaldu du.

Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, berriz, azken urteetan eragile, herritar eta erakunde publikoen eskutik emandako aurrerapausoak balioan jarri ditu. Halere, “euskararen erabilera sozialean jauzia” ematean jarri du azpimarra. Haren ustez, lanean jarraitu behar dugu, batez ere, lan munduan eta aisialdian euskaraz aritzeko, baita euskararekin loturarik ez dutenak euskarara hurbiltzeko ere: “Euskarak denok behar gaitu eta Euskaraldia aukera aparta izango da helburu horri bultzada emateko”.

Azkenik, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak esan du euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar dituela, “denok batzen eta mugitzen gaituztenak”, baina horrekin batera, euskarak gizarte mugimendu indartsu bat behar duela. Erronka horri begira dago Euskaltzaleen Topagunea: “Egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei bide emango dien mugimendu bat nahi dugu. Herrigintzatik eta komunitategintzatik euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzeko moduak berrasmatu nahi ditugu, eta ahalegin horretan kokatzen dugu Euskaraldiaren 4. edizioa, azaldu du Iciarrek. “Eragin dezagun elkarrekin datorrena jendea aktibatzeko eta mugimendu zabal bat saretzeko Euskaraldia izan dadin”,  gaineratu du.

Gehiago