Urriaren 21an Palestinaren aldeko mobilizazioak deitu ditu Gernika Palestina ekimenak Euskal Herrian

Gernika-Palestina ekimenak era guztietako eragile sozial, sindikal eta politikoak bildu ditu Israelek darabilen inguruko herrien aurkako indarkeria eta zigorgabetasuna salatzeko. Urriaren 21an goizean mobilizazio sindikalak eta hezkuntza komunitatekoak deitu ditu, eta arratsaldeko 19tan herri guztietako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak.

2024-ko urriak 8

Gernika-Palestina herri ekimenak egiaztatu duenez, 2023ko urriaren 7tik Palestinaren aurka egindako indarkeriak eta genozidioak hainbat eragileen arteko mobilizazioa eta elkarlana piztu du Euskal Herrian gaur arte. “Hala ere, Ekialde Hurbiletik eta Palestinaren deuseztapenetik iritsitako albisteek ezintasunez eta kezkaz betetzen” jarraitzen dutela onartu dute “gerra- eskaladaren dimentsioa kontuan hartuta, Israelen indarkeriak eta zigorgabetasunak ez baitauka mugarik”.

2024ko urriaren 7an Hamasek egindako erasoaren ondotik hasi zen genozidioak “bakea eta justizia” aldarrikatzera eraman ditu eragile guzti hauek, eta nazioarteko komunitateari begira, kritika. Izan ere “Israelgo Estatuaren zigorgabetasuna” onartzen dute, egunotan Libanoren inbasioarekin edo Yemenen zein Sirian bonbardaketekin egiaztatzen den bezala.

Gernika-Palestina ekimenak atzo bilera eta agerraldia egin zuen Donostian, eta Euskal Herriko herri guztietan kontzentratzeko deia egingo du urriaren 21ean, Euskal Herriko udalerri guztietan, Palestinarekin elkartasuna adierazteko lehen mobilizazio nazionalaren urteurrenarekin bat eginez.

Alderdi politiko ezberdinek babesten dituzte deialdi hauek: EAJ, EH Bildu, PSE, Podemos, Sumar eta Ezker Anitza-IU. ELA, LAB, STEILAS, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek ere atxikimendua eman diote deialdiari, Euskal Herriko hainbat eragileekin batera.

Gehiago