LABek gutxieneko soldata 1.600€-tan ezartzea eta jardunaldia 30 orduetara mugatzea proposatu du
2024-ko irailak 17
Datozen asteetan Euskal Herriko ehunka ordezkari sindikal bilduko ditu hamalau batzarretan eta milaka esku-orri banatuko ditu lantokietan. Era berean, hainbat mobilizazio egingo ditu, horien artean nagusia Bilbon abenduaren 12an.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak “borroka sindikal eta sozialari esker, langileontzat garrantzitsuak diren auziak kokatu dira agenda politikoaren erdigunean: soldatak, lanaldia, etxebizitza, hezkuntza, osasun sistema publikoa, estatus politikoa”.
LABek gutxieneko soldata 1.600€-tan ezartzea eta jardunaldia 30 orduetara mugatzea proposatu duhttps://t.co/ldaENuRrc9@LABsindikatua pic.twitter.com/NqWDkEytbd
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) September 17, 2024
Arroyo ren ustetan, Nafarroako Gobernua eta Jaurlaritzak “ez dute borondaterik Patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izango zaie aipatutako arazoei benetako erantzunik eman”. Arroyoren arabera, EAJ-Geroa Bai eta PSE/PSN binomioak ez du Patronalaren pribilegio fiskalekin amaitzeko borondaterik. “Zerga gutxiago ala zerga gehiago, hori ez da auzia. Auzia da hemen langileok ordaintzen ditugula zergak. Patronalak pribilegio fiskalak dituela. Eta pribilegio horiekin amaitu beharra dagoela, justiziazkoa delako eta herritarren beharrak asetuko dituzten politika publikoak indartzeko beharrezkoa delako”. Zehazki, bi neurritan jarri du azpimarra Arroyok: batetik, akzio eta bestelakoen bidez enpresariek dituzten diru-sarrerak (hots, kapital errentak) soldaten portzentaia berberarekin zergapetzea; eta bestetik, enpresen irabazietatik zati handiago bat jendartearen mesedetan bideratzea, Elkarteen Zerga indartuz.
Konfrontazioa, aldaketen motorra
Konfrontaziorik gabe sakoneko aldaketarik ez dela egongo berretsi du LABeko koordinatzaile orokorrak. Eta horregatik, lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitzearekin batera, Gobernuak eta Patronala interpelatzeko kanpaina jarri du martxan LABek. Bere izaera soziopolitikoa berretsiz, aldaketak lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzeko determinazioa du sindikatuak. “Borroka sindikalei dagokionez aurrerapausoak lortu ditugu lantoki eta sektore askotan, baina langile guztiak aintzat hartuko dituzten neurri orokorrak ere beharrezkoak dira. Euskal Herrian langileen aldeko erabakiak hartzeko presioa handitzera goaz. Langileen alde, eta hemen, erabaki nahi dugu, baden erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz”.
Zehazki, hiru dira LABek bere kanpainaren bidez aldarrikatuko dituen premiazko neurriak. Lehenik eta behin, 1.600 euroko gutxieneko soldata. “Egun, enplegu bat izatea ez da pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea. Prekaritatea geroz eta hedatuago dago eta handitzen ari da langileen arteko aldea ere, lan baldintza duinak dituzten eta ez dituztenen artean. Soldata baxuenak dituzten eremuetan emakumeen*, langile migratu edota arrazializatuen zein gazteen presentzia handia da”. LABekoaren esanetan, soldatak “hobetu egin behar dira aberastasunaren birbanaketa egokiago baterako”, eta ildo berean “langileen gutxieneko bizi baldintzak ziurtatzeko, bertako gutxieneko soldata ezar daiteke negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez”.
Bigarrenik, 30 orduko lanaldia. Arroyok dio jardunaldi murrizketa “ezinbesteko erronka” dela “digitalizazioak ekarriko duen enplegu suntsiketari erantzuteko, krisi ekosozialak eskatzen duen trantsizioari ekiteko, eta zaintza krisiari aterabidea emateko”. Horrekin batera, zaintza lanak aitortzea eskatu du LABek. “Enpleguari eskainitako denbora murriztu behar da, asteko jardunaldia 30 ordutara jaitsi eta zaintzarako lizentzia eta baimenak sustatu”. LABen hitzetan, Espainiako Gobernuak 37,5 orduen inguruan irekitako eztabaida “oso motz” geratzen da.
Hirugarrenik, zerbitzu publikoak indartzea: “Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diegu zerbitzu publikoak indartu ditzaten, baliabideak handituz, ratioak hobetuz eta pribatizatutako zerbitzuak lehengoratuz, lehentasunez lau eremutan: zaintza, osasuna, etxebizitza eta hezkuntza”.