BiziFest, bizikleta eta aldarria eskutik helduta larunbata honetan Iruñean

2024-ko irailak 10

Marabiyak Sound System kolektiboak antolatu du bost orduko iraupena izanen duen bizikleta gaineko lehenengo musika jaialdia.

Iturria: Euskalerria Irratia

Bizikletak, besta eta aldarrikapena eskutik joanen dira larunbat honetan Iruñeko bazter desberdinak hartuko dituen Marabiyak Bizi Fest jaialdian, Marabyak Sound System kolektiboak antolatu duen lehenengo bizikleta gaineko musika jaialdia. Basotxotik hasi eta Trinitarios parkeko pump track eremua lotuko ditu tartean hainbat geldialdi izanen dituen bost orduko ibilbideak. Helburua, antolatzaile lanetan aritu den Iosu Martik azpimarratu bezala, hirian bizikletak duen presentzia ospatzea eta aldarrikatzea da, besteak beste. 

Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da bizikleta martxa, nahiz eta bi ordu lehenagotik hasiko diren “motorrak berotzen”. 15:00etatik aurrera, Basotxoa izanen da elkargune eta bertan egonen dira Original Sistah DJ-k. Martik zehaztu bezala, doakoa da bizikleta martxan parte hartzea, nahiz eta kolektiboa eta ekimena laguntzeko dorsalak ere eskuratu daitezkeen, 15 euroren truke. “Ekimen honen oinarrian kolektibo anitzak biltzen dituen komunitate zabal bat dago, eta diru hori sarea indartzeko baliatuko da”. 

Basotxotik Azpilagaña aldera abiatuko da jaialdia. “Alde Zaharra ez dugu zeharkatuko, dagoeneko eremu tentsionatu bat da eta ez diogu horri ekarpenik egin nahi. Besta beste eremuetara eramango dugu”. Izan ere, bizikletak behar duen espazioa aldarrikatzeaz gain, bestelako zeharkako baloreak eskutik doaz jaialdi honetan: “Hilabeteko azkeneko ostiralero egiten dugun Masa Kritikoan bezala, hiri osasungarriago bat da nahi duguna, hori da gure ekarpena. Oraindik ere asko gelditzen da egiteko zentzu horretan”. 

Azpilagañako Manuel Turrillas plazan Dom Whiting DJ britainiarra izanen da bizikleta gaineko oholtzara igoko dena. Nazioartean ezaguna, Whiting izan zen bizikleta gaineko jaialdi formatuaren sustatzaile nagusietako bat: “Gure artean diogun bezala, Britainia Handiko Reimy da Whiting”. Azken urteotan bizikleta kolektiboaren sustatzaile izan den Xabier Apeztegia Reimy baitago Marabiyak Sound Systema kolektiboaren atzean dagoen izenetako bat. 

 Azpilagañatik Mendillorrira joanen da bizikleta martxa, eta han Brava musikari donostiarra izanen da plateretara jarriko dena; eta handik helmugara bideratuko da ondoren, Trinitarios parkeko pump trackera hain zuzen ere. Iluntzeko 21:00etan izanen da hori.

Jaialdia Mugikortasunaren Astearen baitan kokatzen da eta Iruñeko Udalaren zein Navarra Music Commission bulegoaren laguntza jaso du.  

Gehiago